Egiptoko euskalduna

Egiptoko euskalduna
2023/09/30 eta kitto!
Bere izenari ohore egiten dio Neamak. Gustora zaudela edo zerbait gustatu zaizula adierazteko erabiltzen da Neama berba Egipton. Ba egiptoar euskaldun atsegin honekin ezin da Neama baino beste berbarik erabili. Bihotzean darama Egipto, baina Euskal Herriaz maitemindu da. Zazpi urte daramatza hemen bizitzen senarrarekin eta Asier eta Ainara seme-alabekin. “Oso pozik bizi naiz Eibarren”.

 

Alexandria ederretik

Alexandro Handiak k.a. 331. urtean fundatu zuen Alexandria hirian jaio zen Neama Fawzy Elsayed Abdelnaby. “Itsaso parean bizi nintzen”. Mediterraneo itsasoak bustitzen duen “hiri ederra da”, Afrikako hiririk jendetsuenetan laugarrena, historian zeresan handia eman duena eta Munduko Zazpi Mirarietako baten kokalekua (Alexandriako itsasargia). XIV. mendean gertatutako lurrikarak itsasargia suntsitu bazuen ere, Neamak ondo daki zein den bere jaioterrira heltzeko norabidea, bihotzean daramalako.

 

Jakintza gosea

Alexandriako liburutegia munduko handiena izan zen sasoi batean. Jakintzak berebiziko garrantzia izan du Egipton eta Neamak liburu artean pasa izan ditu bere bizitzako urterik gehienak. “Aita asko tematzen zen ikasketen kontuarekin”. Neamaren bi ahizpa ingeniariak dira, beste bat unibertsitateko irakaslea da, anaia baita ere eta Neamak arabierako irakasle izateko ikasketak egin zituen Alexandriako unibertsitatean. “Nire familiari asko gustatzen zaio ikastea. Gurasoen etxean liburutegi handia dugu”. Titulua homologatu ondoren, hainbeste urtetan ikasitakoa hemen praktikan jartzeko gogotsu dago.

 

Bosy Fawzy youtuberra

Maitasunak ekarri zuen Neama Eibarrera. “Nire senarra hemen zegoen lanean eta etortzeko esaten zidan etengabe. Asko gustatzen zaio hemengo bizimodua, jendea eta paisaia”. Senarrari kasu egin zion, baina lehenengo bi urteak ez ziren oso gozoak izan. “Lagun eta familia barik negoen, zaila izan zen, baina orain nire bizitza oso polita da Eibarren. Oso jende jatorrarekin egin dut topo eta primerako harremana dut guztiekin”. Etxebizitzako bizilagunekin, adibidez, oso harreman estua du, Egipton bezala. “Nire seme-alabek amama esaten diote alboan bizi den emakumeari. Zoragarria da”. Eibarren josten ikasi eta YouTubenBosy Fawzy’ (Bosy esaten diote Neamari maitasunez) kanal bat sortu zuen bere gaitasunak erakusteko. “Errezetak eta joskintza egiteaz gain, Euskal Herriko eta Egiptoko toki turistikoak erakusten ditut”. Euskal Herriko natura eta ingurunea asko gustatzen zaizkio eta idaztea asko gustatzen zaionez, istorio laburrak idazteko inspirazioa lortzen du.

 

Ama, ni euskalduna naiz

Euskal Herriaz maitemindu da Neama, eta Asier eta Ainara deitzen dira bere seme-alabak. “Asko gustatzen zaizkit izen euskaldunak”. Urtebete darama euskera ikasten ...eta kitto! Euskara Elkartearen Ongi Etorri Berbetan programarekin eta Udal Euskaltegian. “Euskera izugarri gustatzen zait eta batzuek zaila dela esaten badute ere, niri ez zait zaila iruditzen”. Jendeak euskeraz egiten duenean esaten dutena ulertzen du eta seme-alabekin euskeraz abestu, jolastu eta ikasten du. “Nire semeak esaten dit bera ez dela egiptoarra, euskalduna dela”.

 

 

الاسكندريه هي عروس البحر الابيض المتوسط

مصر هي ام الدنيا

Alexandria Mediterraneoaren neskalaguna da

Egipto munduaren ama da