Eguaztenean jokatuko da Debabarreneko Euskararen Ginkanaren finala Coliseoan

Eguaztenean jokatuko da Debabarreneko Euskararen Ginkanaren finala Coliseoan
2019/12/02 eta kitto!
Abenduaren 4an izango da Debabarreneko Euskararen Ginkanaren 1. edizioko finala, Coliseo antzokian, 12:00etan. Kutxa Ekogunearen eta Euskaltzaleen Topagunearen eskutik DBH-ko ikasleentzat antolatu den lehiaketan, lau proba egiteko lehia bizian ibili dira 21 talde, eta horietatik lau baino ez dira pasatuko lehiaketaren azken fasera, aurretik jokatutako fasean puntu gehien lortu dituzten lau taldeak hain zuzen ere. Horietako hiruk zuzenean lortu dute finalerako txartela: Debako Martintxo Arrantzalek (45 puntu), Eibarko Ginkanklinak (44 puntu) eta Soraluzeko Soragarriak (44 puntu). Hiru horiekin batera, 4. postuan bi talde geratu dira berdinduta, 43 punturekin: Debako Sonakai eta Eibarko CD Urki. Antolatzaileek azaldu dutenez, “Coliseoko ekitaldian, ginkanaren azken 4 probak zuzenean burutu beharko dituzte taldeek, Andrea Covadonga eta Andrea Garcia eibartar bikote artistikoaren gidaritzapean. Finala hasi baino lehen, berdinduta iritsi diren bi taldeen arteko proba bat egingo da, laugarren talde finalista nor izango den erabakitzeko”.

Beraz, ekitaldiaren amaieran jakingo da Debabarreneko Euskararen Ginkanaren 1. edizioaren irabazlea zein den. Sari potoloak banatuko dituzte: lehen postuan sailkatzen den taldeak 800 euroko balioa duen saria jasoko du eta bigarren taldeak, berriz, 200 euroko balioa duen saria (biak Eibarren Akebaik eta Eibarko Udalak emanak); eta hirugarren eta laugarren sailkatzen diren taldeentzat, berriz, 100 euroko erosketa-txartel bana emango du Eibar Merkataritza Gune Irekiak.