Eguraldia lagun, oso jendetsua izan zen domekako Udazkentraila

Eguraldia lagun, oso jendetsua izan zen domekako Udazkentraila
2019/10/29 eta kitto!
Giro bikainak lagunduta ospatu zen aurreko domekan Kalamua Korrikalari Taldeak, Klub Deportiboko Mendi Taldearekin batera antolatutako Udazkentraila. Parte hartzera animatu zirenek 18,5 kilometroko ibilbidea bete zuten San Salbador, Azurtza, Galdaramiño eta Karabieta ingurutik. Berriz ere eguraldi bikaina izan zuten lagun eta mendia ere korrikan ibiltzeko primeran zegoen. Euren berbetan, “antolakuntzaren aldetik gure esker ona azaldu nahi dugu parte hartzera jende ugari animatu zelako eta partehartzaileek oso gustora amaitu zutelako prestatutako ibilbidea. Badirudi geroz eta jende gehiago animatzen dela horrelako trail irteeretan parte hartzera, oso egokiak direlako bai distantzia aldetik, baita desnibel eta zailtasun aldetik ere. Baina batez ere lagun giroan, lasaitasunez eta jendearen erritmo desberdinak errespetatuz egiten direlako”. Hurrengo trail irteera Gabontraila izango da, abenduaren 24an, goizeko 08:00etan.