EH Bilduk 37 proposamen aurkeztu dizkio PSE-ren aurrekontu zirriborroari

EH Bilduk 37 proposamen aurkeztu dizkio PSE-ren aurrekontu zirriborroari
2023/01/25 eta kitto!
Atzo amaitu zen udaleko alderdi politikoek 2023ko aurrekontu zirriborroari proposamenak aurkezteko epea eta EH Bilduk 4 milioi euro baino gehiagoko balioa duten 37 zuzenketa partzial erregistratu ditu, gaur goizean Gorka Errasti taldeko bozeramaileak jakitera eman duenez. Azken urteotako martxan, proposamenak hainbat bloketan banatu dituzte: Kultura eta sormena;  Aisialdia, herriko eragileak eta Parte-hartzea; Gizarte Ekimenak;  Hirigintza eta Irisgarritasuna; Landa eremua eta Lehen Sektorea; eta Energia eta udal langileria. Horiek dira EH Bilduk azpimarratu nahi izan dituen gaiak. Errastiren berbetan, alderdi sozialistarekin “negoziaketarako eta akordio batetara iristeko erabateko prestutasuna” daukate, nahiz eta oraindik ez duten horretarako bilerarik egin.

Udaleko gobernu taldeak orain dela egun batzuk aurkeztutako udal aurrekontuaren zirriborroaren inguruan, hau da EH Bildutik egiten duten irakurketa: “45.800.000 euro inguruko aurrekontu zirriborroa aurkeztu du PSEk 2023rako, iazkoa baino %6 handiagoa. Pertsonal eta Gastuen kapituluek izango dituzte igoera handienak. Hirigintza eta Obra saileko aurrekontuetan jaitsiera eman da zirriborroan, ziurrenik aurreko urteetatik oraindik garatu gabe dauden proiektuak aurrera atera ezinean dabilelako Udal Gobernua. Deigarria da aurten ere eskilara eta igogailuen mantenimendurako partida milioi erdi inguruan estankatuta geratzea, karga handia udal kutxentzat”.

Horrekin batera, Bilduren ustez “berrikuntza handiegirik ez dago. Berrikuntza deigarriena, behingoz Andretxea Berria azaltzea da. 2018an burutu zen fatxadaren atontzea eta 2021ean EH Bilduk bultzatuta, barruko espazioen obrekin jarraitzea adostu genuen. PSEk ez zuen presa handiegirik eta. Badirudi Eibarko mugimendu feministak eta berdintasunaren alorrean dabiltzan eragileek merezi duten espazio berri, duina eta ikusgarria martxan izango dutela behingoz”.

Bestalde, 40 urte eta gero, Kirol Patronatoa ere “behingoz desegin eta udalean integratuko dela” nabarmendu dute. Kontratazio-politikarekin kritiko agertu dira: “Azpikontratazio maila ere oso altua da, azken urteetan behin eta berriz errepikatu dugun bezala. Hainbat garbiketa, etxez etxeko laguntza zerbitzua edo eta hezitzaileen zerbitzuek gorakada nabarmena izango dute. Enpresa pribatuei esleituko zaizkie kontratu guzti horiek. Etxez etxeko zerbitzuaren gorakadak, ordea, badu bere alde ona. Enpresako langileek lan hitzarmen ona sinatu dutelako enpresarekin beraien lan baldintzak hobetzeko eta horrek aurrekontuan ere isla izango du. Gainera, alderdi politikoentzako dirulaguntzetan eta zinegotzion dietentzat ere dirutza bideratzea planteatzen da, nahiz eta partida izoztuta egon. EH Bilduk azken bi partida hauek erdira jaistea proposatu du”.

Torrekuako anbulatorio zaharraren eraikinerako sozialistek duten asmoarekin bat ez datozela ere adierazi dute: “Nahiz eta EH Bildurentzat pertsona nagusi autonomoentzako etxebizitza tutelatuen parkea kokatzeko, edo eta belaunaldien arteko erlazioak sustatzeko etxebizitzak kokatzeko eraikin aproposena izan, PSE temati dabil Torrekua jubilatuendako etxe bilakatzearekin, eta hori ere jaso dute aurrekontuan”.

Beste arlo batean, Ingurumen sailean iaz egon zen igoerari eustearekin argi ibili beharra dagoela pentsatzen dute : “Horretarako ia 700.000 euro bideratzea planteatzen dute. Iaz berri pozgarritzat hartu genuen, baina kontu handiz ibili beharko gara, 2022 urte bukaerako errealitatea gordinagoa izan delako, eta nahiz eta urte hasierako intentzioak horiek zirela saldu, azkenean erdia baino gutxiago bideratu dute Ingurumenera, 270.000 euro baino ez. Espero dugu 2023 honetan hori ez errepikatzea”.

Energia eta erregai gastuetan emango den igoera “eskandalagarria” begitantzen zaie: “Bada honi buelta emateko ordua eta horretarako hainbat proposamen egin ditugu. Iaz energia eta erregaietarako 765.000 euro aurreikusi ziren eta aurten, berriz, 2.000.000 euro planteatzen dira, beldurgarria”.

Bestalde, gaur esandakoari jarraituta, Eibarko ekialdea biziberritzeko EH Bildu eta PSEren akordioan jasotako ekintzekin aurrera jarraituko dute 2023an: “Lan aktibazio eta orientaziorako udal enplegu bulegoa martxan jarriko da; erdigunetik kanpoko lokal komertzialak biziberritzeko ekintzak errepikatuko dira aurten ere; Barakaldo, pasealeku berria eta Electrociclos lotuko dituen igogailua gauzatuko da; eta Barakaldo eta Barrena kaleetako haur parkeak bertako haur, familia eta hezkuntza eragileen bitartez diseinatzeko parte-hartze prozesuak ere egingo dira. Gainera, aurrekontutik kanpo, Jaurlaritzarekin egindako akordioaren ondorioz, Gabilondo eraikina eraberritzeko 5 milioi euro inbertituko dira. Beste 3 milioi, EH Bilduk Madrilen Murrategi auzoa modu integralean zaharberritzeko lortu ditu eta hau ere, 2023an gauzatzen hasiko da”.