EH Bilduk aurrera eraman dituen ekimen eta proiektuak herritarrei ezagutarazteko kanpaina abiatuko dute

EH Bilduk aurrera eraman dituen ekimen eta proiektuak herritarrei ezagutarazteko kanpaina abiatuko dute
ETA KITTO 2018, Urr 17

Gaur goizean egindako prentsaurrekoan, datorren astean hasi eta Gabonak arte abian egongo den EH Bildutakoak kanpainaren berri eman dute Eibarko EH Bilduko ordezkariek. Asmoa “EH Bilduk urte hauetan aurrera eraman dituen ekimen eta proiektuak herritarren artean ezagutaraztea” dela azaldu dute. Izan ere, euren berbetan “askotan zaila egiten zaigu Udal barruan aurrera eraman ditugun ekimenak herritarren artean ezagutaraztea. Eibartarren pertzepzioa Udalak burutu dituela da eta, hori gezurra ez bada ere, garrantzitsua iruditzen zaigu zehazki nork bultzatu dituen jakinaraztea, proiektu horietako asko, EH Bilduk bultzatu izan ez balitu, ez liratekeelako indarrean egongo. Gainera, alderdi batzuk etorkizunera begira dauden bitartean, EH Bilduren ustez, eibartarrek begirune bat merezi dute eta, horretarako, kontuak eman nahi dizkiegu. Orainaldian zertan ibili garen lanean herritarrei azaldu nahi diegu, etorkizunean gugan konfidantza jartzeko”.

EH Bilduren lanari esker aurrera atera direnen zerrendan 73 proiektu eta ekimen daudela adierazi dute, eta horien artean 9 nabarmendu nahi izan dituzte, “nahiz eta denak garrantzitsuak diren”. Kanpainari begira azpimarratzeko aukeratu dituzten ekimen horiek honako hauek dira: gazte eibartarren emantzipazioa errezteko dirulaguntza; Eibar Ibilixan: Ibilbide osasuntsuen sarea; AKEBAI: Eibarko Euskararen Plan Estrategikoa; Coliseoaren Laguna txartela; Eibarko elkarteentzat Coliseoaren alokairua 3.000 eurotik 300 eurotara jeistea; Txonta Kulturala ekimena; auzokako aurrekontu partehartzaileak; Jazinto Olabe Ludoteka; eta etxez-etxeko laguntza zerbitzuko langileen lan baldintzak hobetzea. Kanpainaren harira, herriko kale eta auzoetan ekimenak ezagutzera emateko kartelak ipiniko dituzte eta, horrekin batera, sare sozialetarako bideo eta GIF bat prestatu dituzte. Eta urtarrilean etxe guztietara banatuko den Bolo-Bolo aldizkarian ere gaur aurkeztu duten ekimenaren berri emango dutela aurreratu dute.

Gaurko prentsaurrekoa uztailean Bista Eder kaleko 2. zenbakian inauguratu zuten Bilgunean izan da. Aurrerantzean zabalik egongo den Bilgunea, “EH Bilduk aldarrikatzen eta lantzen dituen politiken erakusleihoa izatea” nahi dutela azaldu dute. EH Bildukoen berbetan, “datozen hilabeteetarako programazioa zehazten ari gara. Asmoa pil-pilean dauden gaiei buruzko hitzaldi eta dokumentalak eskaintzea da. Gainera, herriko elkarte zein eragileei ere Bilgunean elkartzeko aukera eman nahi diegu”. Udaleko lanaren zein herriari lotutako gaien inguruko jarraipena egiteko astero bilerak egingo dituzte, martitzenetan 17:30ean eta, interesa duen edonork ateak zabalik izango dituela azpimarratu dute.

Bestalde, datorren urteko hauteskundeei begira, gaurko batzar irekia dago deituta Bilgunean, 19:00etan.

BATZAR IREKIA

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »