1938-42 - Eibarko industria berpiztu zuten lau urteak

1938-42 - Eibarko industria berpiztu zuten lau urteak
2019/05/03 09:44 eta kitto!
Faxisten bonbek herria suntsitu zuten 1937ko apirilaren 22tik 25era. Eibarrek hainbat bonbardaketa jasan zituen zazpi hilabetean zehar, baina Italiako Gezi Beltzen erasoa erabakigarria izan zen indar kolpistak herrian sartzeko. Bonbardaketaren ondoren suak Eibar jan zuen eta San Andres eliza eta eraikin gutxi batzuek jarraitu zuten zutik. Mendeetan zehar herriaren ikur izandako tailarrak ere suntsituta geratu ziren eta, aurrera egin nahi izanez gero, industria berpiztu beharra zegoen.

 

Armagintza Museoak ‘Eibarko industria sarearen berreraikuntza 1938-1942’ izeneko erakusketa zabaldu zuen joan den astean, bonbardeketen 82. urteurrenean, eta ekainaren 2ra arte egongo da ikusgai. Erakusketa honek 1938 eta 1942 urteen artean egin ziren eraikin industrial esanguratsuenak biltzen ditu, iraganaren eta geroaren arteko mugarria ezarri zutelako herriko arkitekturan eta hirigintzan.

1938. urteko Eibarko plano baten gainean lau urte horietan eraikin ziren 32 fabrikak kokatzen dira (El Casco, Ayra Durex, Domingo Gisasola, BOJ, AYA, A. Gabilondo e hijos, Aurrera, Trust...), sasoi hartan zuten kokalekuaren arabera ezarrita. Eraikinen planoez, ezaugarriez eta testu labur batez gain, enpresa bakoitzak sortutako produktuak daude ikusgai sabaian eskegita dauden kubo batzuetan. Erakusketa-gelaren sarreran, gainera, 1937ko bonbardaketaren uneko argazki bat dago, zerutik hartutakoa, eta baita azalean Eibarko bonbardaketaren ilustrazio bat duen ‘La domenica del corriere’ egunkari italiarraren ale bat ere.

Herria suntsituta geratu arren lanean jarraitu zutenak omentzeko egin den erakusketa prestatu du museoak, “lan egiteko gogo honen bitartez Eibarrek ez zuelako galdu gaitasun produktiboa”, erakusketaren antolatzaileen berbetan. Mikel Aparicio arkitektoak eraikin bakoitzaren inguruko azterketa egin du eta Martin Azpilikueta marrazkilariak tailarrak ilustratu ditu. Eibartar biek, gainera, erakusketari buruzko katalogo bat prestatu dute, museoan ikusgai dagoena paperera eramanez. Katalogoa datorren astean egongo da eskuragai museoan.

 

Hirigintza-plan barik

Gerra Zibila amaitu barik zegoenean jarri zen martxan Eibarko industriaren berreraikuntza. Gerran kaltetuentzako zerga-salbuespen politika ezarri zen eta industrialariek bide hori hartu zuten eraikin berriak egiteko. “Erregimenaren jarraitzaileak zirela erakutsi behar zuten”, Marina Barrena Armagintza Museoaren arduradunaren berbetan, “baina krimenik egin ez izana nahikoa zen, ez ziren faxisten agurra egiten ibili behar”. Gainera, hainbat diru-laguntza eskaini ziren eraikinak berreraikitzeko.

Gogoa eta dirua bai, baina ez zen inolako hirigintza-planik egin industriaren berreraikuntza zehazteko. Beraz, mota askotako eraikinak sortu ziren herriko txoko ezberdinetan: tailar handiak, etxebizitzak eta tailarrak batzen zituzten eraikinak... Eta herriaren orografia kontuan hartuz gero, urte askotan zehar Eibarren ikurra izan den paisaia berezia eratu zen 1938tik 1942ra, ‘hiri-tailarra’.

 

Industria moderno eta garaikidea

Raimundo Alberdi y Abaunz arkitektoak diseinatu zituen bonbardaketaren ondoren sortu ziren eraikin gehienak. Udal arkitektoa zen eta askatasun osoa eduki zuen tailar berriak proiektatzeko. Hala ere, eraikin batzuk nahiko antzekoak dira: burdina eta zementu erabili zituen eraikitzeko, eta estalki laua dute tailarren hazkundean pentsatuz.

Alberdi y Abaunzek estilo abangoardista erabili zuen tailarrak diseinatzeko, enpresen modernitatearen erakusle izateko asmoz. “Eibarko industria beti egon zen adi armagintza industriaren garapena nondik nora zihoan jakiteko, eta tailarrak berreraiki behar izan zirenean ere izaera berdina mantendu zen. Horrela, sortu ziren eraikinek izaera moderno eta garaikidea izan zuten”, Barrenaren berbetan. Museoaren arduradunak, gainera, eraikinen balio arkitektonikoa goraipatzen du. “Ezin dugu eraikinen potentzia ikusi, herriaren orografiaren ondorioz perspektibarik ez dugulako”.

 

Herriaren izaera industrialaren erakusle

A. Gabilondo e hijos’ eta ‘El Casco’ dira 1938 eta 1942 urteen artean sortutako eraikinetako adibide bi. Agustin Gabilondoren tailarra Barrena kalean dago, gaur egun erabilerarik gabe 2017an ateak itxi ondoren, eta Alberdi y Abaunzek egindakoaren erakusle da. Gerra aurretik Agustin Gabilondok Ardantza kalean zuen armagintza tailarra, baina burdin eta altzairu berezi kalibratuak ekoizten hasi zen tailarra Barrenara pasa zuenean. Ego ibaia estali behar izan zuten Barrenako fabrika eraikitzeko (93 metro) eta beheko pisuan tailerra sortzeaz gain, lau solairuko bloke bat eraiki zuten etxebizitzetarako.

El Casco’, bestetik, Juan Olave eta Juan Solozabal Orbeako langile ohiek sortu zuten 1920an. Pistolak sortzeaz gain idazmahairako artikuluak egin zituzten eta bola-grapagailua da euren produktu adierazgarriena. Gerra ostean Pagei eta Muzategi kaleen artean eraiki zuten tailar berria, desnibel nabarmena eta forma irregularra duen orubera egokituz. Eraikina hazi egin zen Olave eta Solozabelen negozioak aurrera egin zuen heinean, eta 10.000 metro karratuko azalera zuen fabrika sortzeaz gain, jauregi itxura zuen etxebizitza eraiki zuten ‘El Casco’-ko jabeek. Orain dela hainbat urte Elgetara eraman zuten produkzioa, baina eraikinak zutik jarraitzen du momentuz herriaren erdialdean, Eibarren izaera industrialaren erakusle.