Amestu Zure Herria lehiaketan saria eskuratu dute La Salle Isasiko ikasleek

Amestu Zure Herria lehiaketan saria eskuratu dute La Salle Isasiko ikasleek
2012/05/16 eta kitto!

Eskolako Agenda 21 programaren baitan eta Gure Balioak ekimenarekin bat eginez, duela aste batzuk abiatu zuen Debegesa garapen agentziak Amestu Zure Herria. Zein herri mota eraiki nahi dugu? lehiaketa eta 6-12 urte bitartekoen mailan La Salle Isasi ikastetxeko 6.A taldea izan da irabazlea, “Eibar” izeneko lanarekin. 12 urtetik gorakoen artean, berriz, Soraluzeko Soraluze BHI ikastetxeko 2.B taldea izan da irabazlea, “Soraluze hobetzekotan gabiltza” bideoarekin.
Eskualde osoko ikastetxeek taldeka parte hartu dute lehiaketan eurentzat herri ideala dena irudikatzen duten horma-irudiak eta bideoak eginda eta, horiek denak jasota, herritarrek botoa emateko aukera izan dute aste bitan, www.gurebalioak.com atarian horretarako prestatutako espazioan. Irabazle biek, sari gisara, Euskal Kostaldeko Geoparkeaz gozatzeko ibilaldi bana eskuratu dute. Gaztetxoenek, Mutrikuko Nautilus interpretazio zentroa bisitatu ostean, txalupan ibilaldia egingo dute flysch beltza ezagutzeko. Nagusiek, berriz, Deba ibaian kayak irteera egiteko aukera izango dute.