Baserriko produktuak eskurago jarri nahi ditu Baserrikoa proiektuak

Baserriko produktuak eskurago jarri nahi ditu Baserrikoa proiektuak
2018/09/20 eta kitto!
Debabarrenako tokiko eta sasoiko produktuen kontsumoa bultzatzeko Baserrikoa proiektua jarri eban martxan orain dala urte batzuk Debemenek, Debabarrenako baserrietan ekoiztu eta eraldatutako produktuen presentzia sustatu, areagotu eta ikusgai jartzeko asmoarekin. Azkenengo urtean ekintzak areagotu ditu Baserrikoa proiektuak Eibarren eta, Eibar eskualdian erreferentea danez, euren produktuak hemengo dendetan saltzeko aukera eman die baserritarrei eta denda gehiagotara heldu ahal izan dira.

Eskualdeko baserrien produktuak saltzen dituela jakiteko dendetan pegatinak jarri dituzte eta baserriko produktuek txartel bat edukitzen dute zein baserrietan ekoiztu dan esateko. Gainera, poltsa bereziak banatzen dituzte. Aurretik ere egon da eskualdeko baserrietako produktuak Eibarko dendetan erosteko aukera, baina Baserrikoa proiektuarekin errazago identifikatuko dira, eta dendari eta ekoizleen arteko harreman eta elkarlana sustatuko da, “sinergiak sortuz”, proiektuaren arduradunen berbetan. “Merkatu Plaza hor dago baita ere, baina Merkatu Plazara joan ahal ezin direnei (ordutegiarengatik edo dena delakoa) eskualdeko baserrietako produktuak erosi ahal izateko aukera gehiago eskaintzen diegu horrela”.

Oin momentuan Eibarko 15 denda eta 12 ekoizlek (euretako 3 ekologikoak) hartzen dute parte proiektu honetan. Honek dira dendak: Legarreko Bolintxo, Isasi okindegia, Zabaleta eta Tarte dastalekuak, Itxesi, Maria Ospittal, Legarre eta Txaltxa Zelai fruteriak, Isasi Mgusta, Aizpiri eta Izar bide supermerkatuak, eta Mugika, Rezola, Artamendi eta Oberena harategiak. Bestetik, Baserrikoa proiektuak www.baserrikoa.eus webgunea eguneratu du informazio gehiago emateko.