Bertso Paper lehiaketako epea datorren astean amaituko da

0    Eibar, Euskara 
ETA KITTO
Bertso Paper lehiaketako epea datorren astean amaituko da
ETA KITTO 2020, Aza 06

Azaroaren 10a (hurrengo asteko martitzena) izango da XXVI. San Andres Bertso Paper lehiaketara lanak entregatzeko azkeneko eguna. …eta kitto! Euskara Elkartea ari da pixkanaka lanak jasotzen, baina bertsoak egin eta entregatzeko gogoz dabilenak astia du oraindik. Hortik aurrera epaimahaia martxan jarriko da lanik onenak aukeratzeko. Sariak, aurten ere, ez dira nolanahikoak izango.

Urteroko moduan, aurtengo edizioa ere maila bitan bereiziko da: batetik, 16 urtetik beherakoena. “Maila hau 16 urtetik beherako Eibarko ikasleei zuzenduta dago. Badakigu eskoletan ere lantzen dutela bertsozaletasuna, eta lan ugari heldu ohi zaizkigu. Aurten ere, zailtasunak zailtasun, horrela izatea espero dugu”, diote …eta kitto!-tik. Bestetik, 16 urtetik gorakoen maila dago, “Euskal Herri osora zabaltzen dugu, eta Eibartik ez ezik, beste hainbat herritatik ere iristen zaizkigu bertsoak: Donostia, Orereta, Hernani…”. Gaztetxoenek bertso bat edo bi kopla aurkeztu behar dituzte eta nagusiek, berriz, lau puntu edo gehiagoko sei bertso gutxienez eta hamar gehienez.

Lanak …eta kitto! Euskara Elkartearen bulegora bidaliko dira ( Urkizu 11 solairuartea. 20600 Eibar). Gaia eta doinua libreak izango dira, lanaren hiru kopia bidaliko dira gaitzizenarekin, eta gutunazal itxian egilearen datuak (izenabizenak, telefonoa eta adina). Sariei dagokienez, “gazteen mailan irabazleak txapela eta liburu bat eskuratuko ditu eta bigarrenak plaka eta liburua; nagusien mailan gailentzen denak 300 euro eta txapela eta bigarren gelditzen denak 250 euro eta plaka”.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »