Bihar zuen buzoietan jasoko duzue astekaria, itxuraberrituta

Bihar zuen buzoietan jasoko duzue astekaria, itxuraberrituta
2020/04/26 21:23
eta kitto!
Honezkero konturatuko zineten moduan, azken asteotan ez dugu astekaria paperean kaleratu, COVID-19aren pandemiari aurre egiten laguntzeko horrela erabaki eta gero, baina bihar (astelehena, hilak 27) berriz zuen buzoietan jasoko duzue astekaria. Ikusiko duzuen moduan, itxuraberrituta ailegatuko zaizue eskuetara. Izan ere, egoerak derrigortuta egin dugun etenaldian diseinua aldatu diogu astekariari, kalera buelta ilusioz betetzeko.

535UEU-Irakaskuntza-Master-Baner-300x3001

Bestalde, aldizkaria paperean kaleratu barik eman ditugun aste hauetan ez gara geldirik egon eta egunero jarraitu dugu informatzen, teknologia berriek horretarako ematen diguten aukera baliatuz: www.etakitto.eus web orrian albiste berriak sortzen joan ahala horien berri ematen dihardugu, baita gure sare sozialen bitartez ere (Facebook, Twitter, Instagram…). Uneoro argitaratzen ditugun albisteez gain, bestalde, astero sortzen joan den informazio garrantzitsuena PDF batean biltzen joan gara, nahi izanez gero dokumentua jaitsi, inprimatu, gorde eta irakurtzeko aukera izan dezazuen. Aldizkariaren 1.135 (martxoaren 27koa), 1.136 (apirilaren 3koa) eta 1.137 (apirilaren 17koa) zenbakiak etakitto.eus/mediateka/eta-kitto-astekariaren-aleak helbidean aurkituko dituzue, astekariaren gainontzeko ale guztiekin batera.

Aldaketa zuen gustokoa izatea espero dugu eta gure ilusio horrekin zuek ere kutsatzea nahiko genuke. Eutsi goiari, denok elkarrekin laster egoerari buelta ematea lortuko dugu eta!