Bizigune programa sustatzeko neurriak hartuko ditu Udalak

Bizigune programa sustatzeko neurriak hartuko ditu Udalak
2018/11/08 eta kitto!
Alokabide Eusko Jaurlaritzaren menpeko sozietate publikoaren programa da Bizigune, eta hutsik dauden etxebizitzak eskuratzea eta alokairu babestuaren bidez merkaturatzea da bere helburua. Eibarko etxebizitza hutsei erabilera eman eta alokairua sustatzeko asmoz, Udalak Bizigune programa bultzatzeko hainbat neurri hartuko ditu Alokabiderekin elkarlanean. Horretarako, Bizigune programaren nondik norakoak argitzen dituen informazioa banatuko du etxeetan, Udalaren webgunean Bizigune programara joateko esteka jarriko du eta Pegorako langileek Biziguneren inguruko informazioa jasotzeko saioak egingo dituzte herritarrei informazio aktualizatua eskaintzeko.

Patricia Val Alokabideko zuzendari nagusiak adierazi duenez, etxebizitzek hainbat baldintza bete behar dituzte Bizigune programan sartzeko: Euskal Autonomi Erkidegoan (EAE) egon behar dira, libreak izan behar dira (ze babestuak), etxebizitzak jasotzea aurreikusten den gunean egon behar dira, bizigarritasun baldintzak bete behar dituzte, eta ondo funtzionatzen duten sukalde eta komunak eduki behar dituzte. Gauzak horrela, etxebizitzen jabeek eta Alokabidek sinatutako kontratuaren arabera Alokabidek kudeatuko du etxebizitzaren alokairua, etxearen gozamenerako sei urteko kontratuak egingo dira, Eusko Jaurlaritzak hilero ordainketa egingo dela bermatzen du (lehen bizilaguna sartzen den momentutik), Alokabidek informe teknikoa egingo du eta Alokabide egingo da etxebizitzaren aseguruaren kargu. “Etxebizitzaren jabea edozein kudeaketa edo intzidentziaz ahaztuko da”, Valen berbetan. ”Inkilinoentzat ere abantailak egongo dira, errenta babestua kobratuko zaielako, ez merkatuko errenta, eta edozein kasutan ez du irabazi haztatuen %30a gaindituko”.

Hilean gehienez 600 euro ordaindu beharko dituzte inkilinoek eta 2018an EAEn batazbeste 489,15 euro ordaindu badira ere, Eibarko eskaera handia kontuan izanda, kopurua ere handiagoa izango dela aurreikusten dute. Etxebideko datuen arabera 819 eskatzaile daude enpadronatuta (80k etxebizitza erosi nahi dute eta 739k alokatu), eta Eibarren enpadronatu barik herrian etxebizitza eskatzen duten 152 pertsona daude (40 etxebizitza erosteko gogoz eta 112 alokatzeko nahiarekin). Beraz, 971 eskatzaile daude guztira.

Eusko Jaurlaritzak 259 etxebizitza kudeatzen ditu gaur egun Eibarren (ASAP–eko 2, Biziguneko 130 eta Gobernuaren 127). “Bizigunek Eibarren duen erakargarritasuna erakusten dute datu horiek, programa fidagarria, segurua eta gogobetegarria delako”, Valen berbetan.