Eredu izaten jarraitzeko borroka

Eredu izaten jarraitzeko borroka
ETA KITTO 2019, Urt 25

Egogain gerontologikoko langileek bi urte daramatzate Gipuzkoako Foru Aldundiari hainbat eskakizun egiten, “baina orain arte eskaera guztiak ukatu dizkigute”, esan digu Iñaki Mariskurrena Egogaineko langileak. Nagusien egoitzako zuzendaritzak hartutako azken neurrien aurrean, ordea, langileek planto egin dute eta kalera atera dira. Borrokaldia jarri dute martxan eta lan-baldintza duinak lortzea dute helburu, “egoitzako erabiltzaileek merezi duten arreta jaso dezaten”.

 

Mendekotasun handia, adimen urritasuna eta gaixotasun mentalak dituzten pertsonak artatzen dituzte Egogain gerontologikoan. “Zaindu eta maitatu egiten ditugu, gehienek hemen egingo baitituzte euren bizitzako azkeneko urteak”, diote langileek, “eta behar duten bizitza duina eta merezi duten kalitatezko arreta eskaintzeko egiten dugu lan”. Zentroak 134 erabiltzaile zituen iaz (149 jasotzeko gaitasuna zuen), zazpi solairutan sailkatuta, eta nagusien beharrizanen arabera sailkatzen dira. Hau da, solairu batean mendekotasun handia duten erabiltzaileak daude, beste batean gaixotasun mentalak dituztenak, eta horrela. 2019an orain arte hutsik egon den zortzigarren solairua egokitu eta zabalduko dute eta 17 pertsona hartu ahal izango ditu, hau da, 166 erabiltzaile izango ditu egoitzak guztira. Zaintzaile kopurua, ordea, ez da aldatuko. “Iaz egoerak gainezka egiten zigun, pentsa orain zer izan daitekeen”, dio Mariskurrenak.

Mendekotasun handiko zaintza egiten dute Egogaineko langileek. “Atsedenaldia daukagunean, adibidez, langile bakarra geratzen da hogei pertsona baino gehiago zaintzen, eta garabiarekin eraman behar izaten ditugu”, Mariskurrenak dioenez. “Bi langileen artean lan egitea zaila bada, pentsa pertsona bakarrak nola egin dezakeen”. Izan ere, langileen kezka nagusietako bat gerontologiko erabiltzaileei eskaintzen zaien arretaren kalitatea da. Gainera, lana behar den bezala egin ezean langileak kezkatu egiten dira eta lan honek duen karga fisiko handiari karga psikologikoa gehitzen zaio. “Osasun arazoak izaten ditugu horrelako lan kargekin”.

Egogaineko langileen iritziz ezarritako ratioak ez dira egokiak. Baina zer dira ratioak? “Erabiltzaile bakoitzeko zenbat langile behar diren, beti ere erabiltzaileen egoera kontuan hartuta”, Itziar Barruetabeña Egogaineko langilearen berbetan. “Gure aurka erabiltzen duten argumentua da beste zentro batzuekin alderatuz gure ratioa askoz ere hobeagoa dela, baina esperientziak erakutsi digu gure ratioekin egoerak gainezka egiten digula. Beraz, ratioak ez dira egokiak kalitatezko zerbitzu bat eskaintzeko eta, gainera, beste zentro batzuetan ratioak okerragoak badira ere, gure egoera okertu behar dugu beste zentroekin parekatzeko? Azken finean pertsonen zaintzaz ari gara berbetan”.

 

Zaintzaile izendapena

Egogainen zaintza postuetan zeuden langileei erizain-laguntzaile izendapena kendu zieten orain dela hainbat urte eta zaintzaile izendatu zituzten. Ez da izen aldaketa hutsa, langileen baldintzak ere ezberdinak direlako. “Osakidetzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ez dute izendapen hori onartzen, nahiz eta funtzio berak izan”, dio Barruetabeñak. “Langile guztiak ez gara finkoak eta zaintzaile izendapenaren barruan egindako urte guztiek ez dute kontatuko beste administrazio baten aurrean”. Hau da, Osakidetzan erizain-laguntzaile bezala lan egiteko oposaketa batera aurkeztuz gero, zaintzaile bezala lan egindako urteek ez dute kontatuko Egogaineko langileentzat. “Ezin dugu egindako lana demostratu”.

Orain dela urte batzuk Imsersoko nagusiak ziren gerontologikoko erabiltzaileak, “balidoak zirenak”, Barruetabeñaren berbetan. “Gizartea aldatu egin da eta gero eta urte gehiago hartzen ditugu, eta pertsona baten egoera ez da berdin 60 edo 100 urterekin”. Lehen gelazain asko eta erizain-zaintzaile gutxi zegoen, baina aipatutako bilakaerarekin erizain-zaintzaile gehiago behar ziren, “eta zaintzaile postua sortu zuten, gelazainek azterketa bat gaindituta izendapen hori lortzeko”. Orduan, azterketa gainditu zuten gelazainak eta erizain-laguntzaileak izendapen berean batu zituzten. “Nik, ordea, ordezkapenak egiten nituen eta erizain-laguntzaile titulazioa eskatu zidaten”, Barruetabeñak dioenez. “Izendapen aldaketarekin funtzio aldaketa ere egon beharko litzateke, baina nire funtzioak berdinak izaten jarraitu zuten (sendagaiak eman, laginak hartu, garbitu…)”.

 

Zerbitzuen pribatizazioa

Denborarekin hainbat lanpostu “desagerrarazi” dituzte (ordenantza, mantentze-langileak, administrariak), “eta zerbitzua enpresa pribatuen esku uzten ari dira”. Clece enpresak jartzen ditu gaueko eta asteburuetako zaintzaileak, gelazainak, garbitzaileak, eta abar. “Orain arte astelehenetik barixakura arteko zaintza Aldundiko langileek burutu ditugu”, diote Egogaineko langileek, “baina solairu bakoitzeko langile kopurua murrizteaz gain, azpikontratak sartzeko asmoa agertu digute”.

Arreta zaintzako lanpostuak desagerrarazteaz gain, “etorkizunean gehiago murrizteko asmoekin dabiltza”, Mariskurrena eta Barruetabeñak azaldu digutenez. Gainera, egunerokoan ere langileen bajak eta lanaldien murrizketak ez dituzte betetzen, eta momentu horretan lanean daudenek egin behar dute falta diren langileen lana.

 

Eskaerak eta mozioa

Egogaineko langileen gehiengoak eman dio atxikimendua borrokaldiari eta LAB, ELA, CCOO eta Bazkuna sindikatuek bat egin dute. Kalera irten direnean babes osoa sentitu dute, ez zentrokoen aldetik bakarrik, baita erabiltzaileen eta herritarren aldetik ere. Pare bat protesta egin dituzte egoitza kanpoan, eta Eibarko EH Bildu eta Podemos Ahal Dugu alderdi politikoen babesa jaso dute. Hilaren 28an, astelehena, mozioa aurkeztuko dute Udal Plenoan.

Honako hauek dira Egogaineko langileek eskaerak. “Eibarko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari Egogain egoitzan zaintza profesionala eskaintzeko exijitzea; erizain-laguntzaile izendapena onartzea; emakumeek historian zehar egindako lanaren profesionalizazioaren onarpena; Eibarko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari kalitatezko arreta integrala eskaintzeko beharrezko baliabideak jartzeko eskatzea; horretarako beharrezkoak diren giza-baliabideak eta baliabide materialak jartzea; erabiltzaile gehiago badago, langile gehiago jartzea; erabiltzaileek merezi duten arreta jasotzeko erabiltzaile/langile ratio egokiak ezartzea; eta azkenik, zerbitzu publikoa izaten jarraitzea”.

Esakera hauek ez dituzte euren beharrei edo erabiltzaileei begira bakarrik egiten. “Eibarko egoitza Gipuzkoan eta Euskal Herrian eredu izaten jarraitzea nahi dugulako eskatzen dugu guzti hau”.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »