Gardentasuna eta herritarren parte-hartzea sustatzeko atala ireki du udalak bere webgunean

Gardentasuna eta herritarren parte-hartzea sustatzeko atala ireki du udalak bere webgunean
2018/02/16 eta kitto!
Eibarko Udalak Gobernua Zabalik: gardentasuna, herritarren parte-hartzea eta datu irekiak izeneko ataria ireki du bere webgunean (www.eibar.eus), udal gardentasunari buruzko informazioa eta internet bidezko komunikazioa hobetzeko helburuarekin. Gaur goizean egin den prentsaurrekoan aurkeztu dute mikrosite berria eta udalaren egitura herritarrengana hurbiltzea da asmoa, Miguel De los Toyos alkatearen berbetan. “Hirigintza informatikoa da, eta herritarrei informazioa errazteko estrategiak lantzen gabiltza”. Era berean, parte-hartzea eta iritzia ematea ezberdina dela adierazi du alkateak. “Iritzia emateko kultura daukagu eta kultura parte-hartzailea izatera iritsi behar gara”.

2015ean Gipuzkoako Foru Aldundiko ‘Gipuzkoa Irekia’ izeneko plataformara batu zen Eibarko Udala eta orain beste pauso bat ematen du “gardentasuna bermatzeko”, Ana Telleria Ogasun zinegotziaren hitzetan. Erakundeari, antolamenduari, plangintzari, ekonomiari, aurrekontuei eta beste hainbat gaiei buruzko datu eta informazioak batuko dira webguneko atal honetan. “Gardentasuna ez da datuak bakarrik eskaintzea, baizik eta hauek ulergarriak eta erabilgarriak izatea”, adierazi du Telleriak.