Terrazen inguruko udal ordenantza berria onartuko dute gaurko udalbatzan

Terrazen inguruko udal ordenantza berria onartuko dute gaurko udalbatzan
2012/03/26 eta kitto!

Oinezkoen erosotasuna gogoan, terraza eta bestelakoek kalean bete dezaketen tokiaren inguruko udal ordenantza berria onartuko dute gaur arratsaldeko udalbatzan. Taberna barruan erretzea debekatzen duen legearen eraginez, taberna askok atean kupelak, mahaitxoak eta bestelakoak ipini dituztela ikusi dute agintariek eta, horregatik, espaloietan oinezkoentzat nahikoa toki libre geratzen dela ziurtatzearren, gutxieneko baldintza batzuk jasotzen dituen ordenantza aldatu eta indarrean ipiniko dute. Ordenantza berriaren arabera, "3 metroko zabalera baino gutxiagoko espaloietan ez da terrazarik ipiniko. Oinezkoentzat libre laga beharreko pasabideak gutxienez metro bi izango ditu zabaleran eta oinezkoentzat gordetako tokietan zabalera gutxienez 3 metrokoa izango da. Eta ipintzen diren mahai eta bestelakoek denda eta pegoretarako sarbideak libre laga beharko dituzte". Horrekin batera tabernako arduradunak egunero jaso beharko ditu mahai eta aulkiak eta ezin izango dira kalean pilatuta laga.
Kupel eta mahaitxo altuei dagokionez, terrazak ipintzeko gutxieneko zabalera ez dagoen espaloietan ipintzeko aukera izango da, beti ere horretarako baimena lortuz gero. Establezimendu bakoitzeko gehienez kupel bi edo mahaitxo bi ipintzeko aukera izango da, beti ere tabernari pegatuta eta oinezkoentzat metro biko zabalerako pasabidea libre lagata. Terrazekin bezala, hauek ere egunero jaso beharko dituzte jabeek.
Beste maila batean, dendek salmentarako zein publizitaterako kalean okupatutako tokiaren ingurukoak ere jasotzen ditu ordenantza honek: Udalak baimena eman beharko die eta horretarako oinezkoentzat nahikoa toki libre (metro biko zabalerako pasabidea) dagoen begiratuko diote. Udaletik jakitera emandakoaren arabera, iaz 26 establezimenduri eman zitzaien terraza ipintzeko baimena, horietako bosti urte osorako.