Udal ordezkari eta herritarren arteko bilerak gaur hasiko dira, behealdean bizi diren auzokideekin

Udal ordezkari eta herritarren arteko bilerak gaur hasiko dira, behealdean bizi diren auzokideekin
2022/11/08 eta kitto!
Gaur egingo da Udal arduradunen eta herritarren arteko lehen auzo-bilera: Eibarko ekialdeko herritarrekin izango da, 18:30ean, Beheko Tokia jubilatuen etxean. Asmoa “herritarren proposamen, iradokizun edo erreklamazioak ezagutzea” da eta bertan egongo dira alkatea bera, inguru horretako auzozaina, udaltzainburua eta Zerbitzu, Obra eta Hirigintza sailetako zinegotziak eta teknikariak, “horiek izaten baitira herritarrek planteatutako arazoetan gehien aipatzen diren sailak”. Ertzaintzaren gertutasunezko agente bat ere egongo da mahaian, herritarren segurtasunari buruzko gaiak aztertzeko, eta Debabarreneko Mankomunitateko ordezkari bat, hondakinen bilketarekin eta bide-garbiketarekin lotutako gaiak jorratzeko.

Hilaren 23ra bitartean zazpi bilera egingo dira guztira: bigarrena bihar bertan izango da, Legarre auzoko bizilagunekin eta, iaz bezala eta modu ez-ohikoan, Udaletxeko batzar-aretoan egingo da bilera, 19:00etatik aurrera.

Hurrengo astean, azaroaren 15ean (martitzena), 19:00etan, erdigune-ekialdeko bizilagunekin egingo da bilera Coliseoan.  Hilaren 16an (eguaztena), Amaña auzoko txanda izango da; bilera parrokiako lokaletan egingo da, 19:00etan. Ipuruako hitzordua hilaren 17an izango da, ordu berean, auzoko jubilatuen egoitzan.

Hurrengo topaketa Untzagako jubilatuen etxean izango da, hilaren 22an, 19:00etan, eta herriko erdiguneko herritarrentzat izango da. Eta azken bilera Urkikoa izango da, hilaren 23an, 19:00etan, auzoko parrokiako lokaletan.