Udal ordezkariek auzorik auzo egiten dituzten bilerak bihar hasiko dira, 19:00etan Beheko Toki jubilatu etxean

Udal ordezkariek auzorik auzo egiten dituzten bilerak bihar hasiko dira, 19:00etan Beheko Toki jubilatu etxean
2021/11/08 eta kitto!
Bihar hasiko dira Udaleko arduradunen eta herriko auzoetako bizilagunen arteko bilerak, 19:00etan Beheko Tokia jubilatuen etxean. Bertan parte hartzera Eibarko ekialdean bizi direnak deitu dituzte, beraien kexa eta proposamenak azaltzeko. Eguaztenean (hilak 10) Legarrekoekin egingo dute bilera, udaletxeko batzar aretoan. Eguenean (hilak 11) Ipuruako jubilatuen etxean izango da bilera, inguru horretan bizi direnekin. Coliseo antzokian izango da erdigune-beheko auzotarren bilera, hilaren 16an.  Hilaren 17an Amañako auzokoen txanda izango da, parrokiako lokaletan. Erdiguneko batzarra Untzagako Jubilatuen Etxean egingo da hilaren 18an.  Eta azken bilera Urkiko bizilagunekin izango da, hilaren 23an, auzoko parrokiako lokaletan.

Bilera guztiak adierazitako tokietan izango dira, 19:00etatik aurrera, eta dinamika aurreko urteetakoaren berdina izango da.  Udal ordezkaritza bat joango da auzo bakoitzera, jende guztiarentzat irekiak diren bileretan parte hartzeko. Udal ordezkariak hauek izango dira: alkatea bera, leku bakoitzeko auzozaina, udaltzainburua eta Zerbitzu, Obra eta Hirigintza arloetako zinegotziak eta teknikariak, horiek baitira herritarrek planteatutako arazoetan gehien aipatzen diren sailak. Mahaian Ertzaintzako agente bat ere egongo da.