Udalak zazpi etxebizitza lagako dizkio Alokabideri gizarte-alokairuetarako

Udalak zazpi etxebizitza lagako dizkio Alokabideri gizarte-alokairuetarako
2019/01/17 eta kitto!
Eusko Jaurlaritzak eta Eibarko Udalak hitzarmena sinatu dute gaur goizean Alokabidek, Udal Bizigune programaren bitartez, herriko zazpi etxebizitza gizarte-alokairurako erabiltzeko. Amañako hiru etxebizitza, Romualdo Galdoseko beste hiru eta Pagaegiko bat sartu dira akordio honetan, eta Santaines kaleko beste bat gehitu daiteke etorkizunean. Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuak eta Miguel de los Toyos Eibarko alkateak erakundeen arteko kolaborazioa aldarrikatu dute, horrelako kasuetan berebizikoa dela azpimarratuz. “Udalak, dituen baliabideekin, ezin du etxebizitza hauen alokairua kudeatu”, alkatearen berbetan. Akordioa sei urtekoa izango da, baina luzatu egin daiteke.

Etxebideko erregistroan alokairuko etxebizitza eskatzaile gisa izena eman duten pertsonei emango zaizkie errentan zazpi etxebizitza hauek. “Gainera, gutxienez hiru urtez erroldatuta egon behar dira Eibarren”, De los Toyosek aipatu duenez. Etxebizitza Sailak 263 etxebizitza kudeatzen ditu Eibarren eta, gaur egun, 861 eskatzaile daude alokairuko etxebizitzetan bizitzeko. “Horietako 124 Eibartik kanpo bizi direnak”, Arriolaren berbetan.