Eibarko Liburutegiak bisita gidatuak eskainiko ditu urriaren 24an

Eibarko Liburutegiak bisita gidatuak eskainiko ditu urriaren 24an
2018/10/16 eta kitto!
Urriaren 24an Liburutegiaren Eguna gogoratuko dute eta, horren harira, Eibarko Juan San Martin Liburutegiak ateak zabaldu eta bisita gidatuak eskainiko ditu.

Liburutegiaren Eguna 1997az geroztik ospatzen da, Asociación Española del Libro Infantil y Juvenil-en ekimenez eta Kultura Ministerioak lagunduta. Urtero, halako egunean, Balkanetako gerran, 1992an erre zuten Sarajevoko Liburutegiaren suntsiketa gogoratzen da. Liburutegiaren Egunarekin adin guztietako irakurleen topaleku gisa liburutegiek duten garrantzia herritarrei erakustea nahi dute eta, horregatik, “ezagutzen ez gaituztenentzako ateak zabalduko ditugu. Interesa duenari liburutegian zer topatu dezakeen kontatuko diogu, gure zerbitzuak zeintzuk diren azalduko diogu, baita liburutegiko bazkidea izateak ematen dituen abantailak ere. Horrez gain, bisitan ondare bibiliografikoa gordeta dagoen gordailua ikusteko aukera emango dugu”. Urriaren 24an izango dira bisitak, 10:00etan, 12:00etan, 17:00etan eta 19:00etan. Izena emateko,  inprimakia deskargatu eta liburutegia@eibar.eus helbidera bidali, 943 70 84 37 liburutegiko telefonora deitu edo zuzenean liburutegiko mostradorean galdetu daiteke.