Eibarren be lapurtu zittuen ume jaixobarrixak

Eibarren be lapurtu zittuen ume jaixobarrixak
2018/07/12 eta kitto!
Lau seme-alabaren ama zala siñestuta pasau dau ixa bizitza osua Edith (Edita) Beristainek, haur lapurtuen inguruan kontatzen zittuenak entzuten hasi eta, oin dala sei edo zazpi urte, lehen aldiz zalantzak sortu jakozen arte. Izan be, bere lau seme-alaben aurretik bosgarren bat erdittu eban Eibarren, Pagaegi kalian eguan maternidadian, baiña mutikua jaixo eta miñutu gitxira hil egin zala esan zetsen eta hori pasau zala siñestuta egon da oin dala gitxira arte. Baiña bere buruan susmo eta galderak pizten hasi ziran momentuan, berak erdittu eban lehen seme hori lapurtu egin zetsela, horretan zalantzarik ez daka ointxe. Are gehixago. Berari moduan, Eibarren beste ama batzueri be umiak lapurtu detsela pentsatzen dau eta, horregaittik, euren artian kontaktuan ipintzia gustauko litxakixo, “pasautakuaren inguruan berba egitteko besterik ez bada be, oin arte hori be ez dogulako egin”. Asmo horrekin billeria antolatu dabe datorren asterako, hillaren 19rako, 19:00etan Portalean.


Gaur egunian iñork umia euki eta lapurtuko detsenik pentsatzia be kostau egitten jaku, baiña badira urte batzuk holako kasuen gaiñian gauzak entzuten hasi giñala eta urtetik urtera gero eta luziagua egitten doia ustez lapurtutako haurrak diranak osatzen daben zerrendia. Bakarrik Gipuzkoan 300dik gora izan leikie, Gipuzkoako SOS Haur Lapurtuak alkartiaren esku daguazen datuen arabera. Umiak lapurtzeko trama horrekin loturia euki daben ospittal eta bestelako zentruak be ez dira gitxi: Arantzazuko Ama Ategorrietan, Nuestra de La Asuncion Tolosan, San Cosme y San Damian Tolosan, Irungo Udal Ospittala, Irun eta Donostiako Gurutze Gorrixa, Virgen del Pilar, Perpetuo Socorro, Poliklinika, Beasaingo San Miguel, Virgen del Coro, San Ignacio, 18 de Julio edo Villa San Jose, Nuestra Señora de las Mercedes, San Juan, Elgoibarko Maternidadia, Ospittal Probintziala, Debagoienako Asistentzia Zentrua (Arrasate klinika), San Antonio, San Antonio Abad, San Martin de Aguirre… eta Eibar ez da zerrenda horretatik kanpora geratzen: gure alkarrizketatuak aittatutako Maternidadiari, Karmen kalian egon zan Arrillaga klinika be gehittu bihar detsagu.



Maternidadian eta Arrillaga Klinikan

Anadir, adopziño irregularrak kaltetutakuen alkartiak, 1950. eta 1980. urtien artian lapurtutako umien famelixakuak egindako salaketak biltzen hasi eta, 2011. urterako osatu eban erregistruaren arabera, Eibarren gitxienez hiru salaketa eguazen, bat Maternidadian eta beste bixak Donostiako San Antonio klinikan. Eta SOS Haur Lapurtuak alkartiak dakan zerrendan, Arrillaga klinikan hiru ume lapurtu zittuela jasota dago: 1957. urtian jaixotako ume bat, 1958ko otsaillaren 12xan jaixotako beste bat eta 1973ko maiatzaren 14an jaixotako hirugarren bat. Zerrenda horretan agertzen dan azken lapurretia 1995. urtekua da eta Arantzazu ospittalian izan zan.

Haur Lapurtuen alkartietako ordezkarixak diñuenez, “jendiaren testimonixuak entzun eta gero, segiduan ikusten da kasu gehixenetan patroiak errepikatu egitten dirala: orokorrian lehen aldiz umia zeken andreri kentzen zetsen umia, gero ume gehixago izateko aukeria eukiko zebalako. Ama guztieri umia hilda jaixo edo jaixo eta berehala hil zala edo, bestela, malformaziñuak zittuala eta hobe zala ez ikustia esaten zetsen. Eta halanda be umia ikustia eskatzen ebenian, izoztuta egoten zan hildako jaixobarrixa erakusten zetsen, urrutitik eta ez ikutzeko aginduta”. Famelixakueri, amari min haundixagua ez eragitteko aitzakixarekin, hildako umiaren inguruan berbarik ez egitteko eskatzen zetsen medikuak, umia lurperatziaz eurak arduratuko zirala… holako kontuekin apaintzen zittuen umia lapurtu zetsen ameri kontatzen zetsazen ipoiñak.

Editari kontau zetsen ipoiña be horren parekua da. Medikuak esan zetsan moduan, agindutako egunian eta orduan sartu zan Maternidadian, “25 urterekin eta kunpliduta” eta 1962ko maiatzaren 1ian ekarri eban mundura berarendako eta senarrarendako lehen semia izango zana, 5 kilo pasauta zittuala jaixo zan mutilla. Kontatzen daben moduan, “orduan sasoian paritorixora ezin zan gizonik juan. Umia erdittu arte oso luzia izan zan, baiña behin bultzaka hasten naizenian ordura arteko min guztia juan jatan, dana indarra egittia izan zan. Umia jaixo eta momentuan ikusi neban, baiña ikusi orduko bistatik kendu zesten, beste ezertarako astirik euki barik. Eskuak eta hankak lotuta, mugidu ezinda, zelan ikusi umia? Nun eguan galdetzen neban eta eurak ‘hortxe, hortxe’ esaten zesten, baiña nik ezin neban ezer ikusi. Zenbat pisatzen eta neurtzen eban esatera bai etorri ziran, baiña ikusi, ezin izan neban ikusi. Eta hasi nintzanian esaten ikustia nahi nebala, ikustia, ikustia… orduan etorri jatazen eta, besuan zastadia emonda, lokartu ninduten. Baiña, umia euki eta gero ni ondo baneguan, zertarako pintxau eta lokartu? Ez daka zentzurik. Umia 10 miñutuan bizirik egon eta gero hil egin zala esan zesten, han bertan neguala, bakar-bakarrik. Klaro, hori esaten detsue eta erreakzionau ezinda geratu nintzan. Bueno, erreakzionau bai erreakzionau neban, ikustia nahi nebala esaten hasi nintzan eta, baiña orduantxe, galderak egitten hasi nintzanian, orduan etorri ziran ni lokartzera. Nere gizona eta lagun bat gerotxuago etorri ziran, eta nere lagunak bai esaten dau berari ume bat erakutsi zetsela, baiña ez dala ezebezekin gogoratzen. Oin dala zazpi bat urtera arte ez neban iñoiz sospetxarik euki, gizonarekin be ez neban sekula horren gaiñian berba egin eta holan, gertatutakuaren inguruan ezer komentau barik hil zan bera. Nere ama eta ahiztiari umia erakutsi zetsela be oin dala gitxi jakin dot, ahiztiak esanda. Medikuak neri ezer ez kontatzeko eskatu zetsela eta, oin arte ixillik egon da bera be. Medikuak-eta umia eurak lurperatuko ebela esan zeskuen, geu holako gauzekin ez arduratzeko, eurak egingo ebela dana…”.

Kontautako guzurra siñestuta

Editak esaten daben moduan, bizitza osua emon dau holan, “engañada total”. Eta behin sospetxak azaltzen hasten diranian, sentimendu, pena, amorru eta beste guztiak be orduantxe hasten dirala agertzen: “Lehelengotikan hasten zara kriston kulpia sentitzen, zeure burua holan engañatzen laga zendualako”. Probatzeko gogua zekala eta, aurreko batian terapeuta batengana juan zala kontau desku: “Pasautakua kontau netsan, hasierian zelako kulpia nekan eta ointxe, barriz, demaseko amorrua dakatela. Berak zeren kulpia nekan galdetu zestanian nik engañatzen laga izatiaren kulpia nekala erantzun netsan. Orduan berak bixon arteko tokixak aldatzeko esan zestan, ni bere tokixan ipintzeko eta galdetu zestan: 'Benetan uste dozu orduan momentuan zu engañatzen ari zirala burutik pasatzerik bazekazula, ala?'. Esan zestan berak ezin zestala lagundu, baiña bai, lagundu egin zestan, errealidadia ikusten lagundu zestan eta. Hori dalako errealidadia: orduan sasoian medikuarengan erabateko konfiantza izaten genduan eta harek esandakua siñestu, besterik ez genduan egitten”.

Errepikatzen diran istorioak

Salaketia egittera animau diranak kontatzen dittuen istorio guztiak benetan anker eta gogorrak dira: “Oin dala gitxi, lapurtutako ume batek kontatzen zeban zelan ama berari ezebez kontau barik hil zan, baiña gero berak jakin eban ama antzua zala, ezin ebala umerik euki. Orduan topau zittuan urtero moja batek idazten zittuan felizitaziñuak eta gurasuak urtero dirua emotera zelan juaten ziran… lapurtutako beste ume baten aittari kanposantura eruateko kajia emon zetsen, ez zabaltzeko esanda, eta ointxe, zabaldu dabenian, kaja horretan harrixak eta kotoia, besterik ez dabe topau. Gaiñera, berak enterradoriarekin zekan amistadiari esker lortu eban kajia lokalizau eta zabaltzia, bestela eziñezkua da, ez dabelako horretarako permisorik emoten. Geu be egon giñan udaletxian galdetzen eta esan zeskuen jaixobarrittan hildako umiak “linbo” dalakuan, kanposantu barruan daguan terrenotxo batian daguazela lurperatuta. Edozelan be holako kasuetan legiak ez zaittu bape babesten, danerako trabak besterik ez dagoz, hori da dakagun justizia!”. Holan hiltzen ziran jaixobarrixak ez ziran erregistratzen, baiña “legajo” izeneko agiri batian bai jasotzen ziran datuak. Edozelan be, Maternidadiaren kasuan, agiri guztiak 80ko hamarkadako ufaletan galdu zirala diñue.

Editaren berbetan, “papelik eta holakorik ez dakagu, bakarrik medikuak neri esandakua, berandu juan nintzala eta umia jaixo eta berehala hil zala. Baiña ni berak agindutakuan juan nintzan. Gaiñera, partua probokauta izatiaren kontu hori eurak asmatu eben. Nik haurdunaldixak txarrak euki dittut, baiña partuak onak, danekin akordatzen naiz eta orduan be nik parto normal-normala euki neban, ostian lau ume gehixago euki nittuan eta badakit holan izan zala, denpora osuan kontziente egon nintzan eta”.

Kendu zetsen ume hori topatzia ixa ixa eziñezkua dala badaki, “baiña etxetik urten eta daneri begiratzen zoiaz, ze nere seme-alaba guztiak euren artian traza haundixa dake eta seguru nago honek be bestien trazia eukiko dabela. Behin hasten zaranian zer pasau ahal izan dan sospetxak eukitzen, hortik aurrera ezin dozu burutik kendu, ze beste seme-alaba batzuk eukitta be, beste falta hori sentitzen dozu. Ume horrek ez dau amaren titirik hartu eta, gaiñera, gezurra esan detse”.

Edozelan be, topatzeko esperantza txiki-txikixa izanda be, hortxe dago: “Ez dakit zergaittik, baiña lehelengotik euki neban sensaziñua igual Galizian egon ahal zala eta hiru urtian Galiziara juan gara, goittik behera ziherkatu dogu batetik bestera, ia topatzen genduan. Aurten beste toki batera juango gara”.

Alkartu eta berba egitteko premiñia

Horrekin batera, badaka beste kezka haundi bat: “Konturatzen zarie dana ixillik daguala? Ez daguala honen gaiñian berba egitteko gogorik, ez dala ikusten interesik? Lobatonek jendia billatzeko programia euki eban moduan, zergaittik ez dira egitten holako kasuen inguruko programak?”.

Eibarren bertan eta inguruko herrixetan be beran moduko beste ama batzuk egongo dirala pentsatzen dau eta euren artian berba egitteko “besterik ez bada be”, umia lapurtu zetsen beste batzurekin kontaktuan ipintzia gustauko litxakixo, “ze oiñ arte hori be, berbarik be ez dogu egin iñork siñestuko ez ebala pentsatzen gendualako”. Asmo horrekin billeria antolatu dabe datorren asterako, hillaren 19rako, 19:00etan Portalean.