#Eibarrenbadakagu kanpainaren lehen aldia amaituta, laster azalduko dizuegu hurrengoa

#Eibarrenbadakagu kanpainaren lehen aldia amaituta, laster azalduko dizuegu hurrengoa
2020/04/17 eta kitto!
“Eibarren badakagu, Eibarren gastaukot”, herrian kontsumitzeko kanpainak apirilaren 6an jarri zituen martxan …eta kitto! Euskara Elkarteak. Egoera latza da eta gure bizimodua goitik behera aldatu da, herriko hainbat negozioren biziraupena, eta ondorioz, gizarte osoaren egonkortasuna kolokan jartzeraino. Ezin dugu ahaztu bertako negozioek gizarte osoan eragiten dutela, gizartekintzan, osasun-arloan, hezkuntzan… zerbitzuak jaso ahal izateko ezinbestekoa da bertan gastatzea, bertan gastatzen duguna bertan gelditzen zaigu, denok irabazle. Zoritxarrez hau ez da gure herrian bizi izan dugun lehen krisia, baina gaur hemen bagaude, gure aurrekoek egokitzeko, modaltzeko eta elkarrekin aurre egiteko gaitasuna izan zutelako da. Arazo, krisialdi eta erasoen aurrean eibartarrok denok elkartuta egin ohi dugu aurre.  Horregatik, herrian bertan gastatzeko kanpaina abiatu genuen, eta, elkartasuna kalean adierazterik ez dugunez, argazki edo bideo laburren bitartez egitea eskatu genizuen.

Gaur amaiera emango diogu #Eibarrenbadakagu kanpainaren lehen faseari, baina beste fase batean sartuko gara laster. Astekarian izango duzue negozio jabeentzat prestatu ditugun neurriak.

Dena dela, herritarren kanpainak bere horretan jarraitzen du, hau da #nikEibarrengastaukot, beraz, bidali zuen argazki bat, orri batean esaldi hau idatzirik: #nikEibarrengastaukot. Edo nahiago baduzue, astebururako erronkan parte hartu dezakezue. (hemen duzue erronka)

Oztopoak elkarrekin gainditu izan ditugu eibartarrok, eta oraingoan ere gauza bera egingo dugu.

Argazkiak (horizontalean) ondorengo helbidera bidali, mesedez: normalizazioa@etakitto.eus