Adama Thiam, Eibar apaintzen

Adama Thiam, Eibar apaintzen
2023/12/14 eta kitto!
Rufisquen jaio zen Adama Thiam, Senegalen, Dakarretik 25 kilometrotara. Kostako hiria, portu garrantzitsua eduki zuen iraganean, baina Senegalgo hiriburuaren hazkundeak Rufisqueko portuaren ‘heriotza’ ekarri zuen eta, portuaren aktibitatea ordezkatuko zuen industria handi eta turismo barik, herrialdeko lau komuna historikoetatik txiroena da gaur egun. Handik 4.500 kilometrotara bizi da Adama, Eibarren, eta herriko landareak zaintzen dituen maitasun berarekin egiten du berba bere jaioterriari buruz.

 

Bitxigilea Senegalen

Gurasoekin eta anai-arrebekin bizi zen Adama Rufisquen. Bera da anai nagusia eta, ondorioz, berari tokatzen zitzaion familiari laguntzeko lan egitea. “Denbora gutxian joan ahal izan nintzen eskolara, 14 urterekin lanean hasi behar izan nintzelako”. Aita bitxigilea zen eta urrezko eta zilarrezko bitxiak egiten lagundu zion Adamak. Gogorra zen, baina are gogorragoa izan zen gerokoa. “Aita hil egin zen eta neure gain hartu behar izan nuen familiarentzat dirua lortzeko ardura”.

 

Meridan, Durangon eta Katalunian

Senegalgo egoera kontuan izanda, Adamak Europara etortzea erabaki zuen. 2005. urtea zen eta Merida izan zen lehenengo geralekua. “Astebete egin nuen han eta Durangora etorri nintzen gero, familiako bat bizi zelako han”. Durango utzi eta Bartzelonara joan zen. “Laranjak batzen ibili nintzen lanean. Oso gogorra izan zen!”. Gero, pinuak mozten hasi zen lanean Katalunian bertan eta kale-garbitzaile moduan ere ibili zen, kontratua amaitu zitzaion arte.

 

Lorezain Eibarren

Eibarrera etorri zen Katalunia utzi zuenean, 2009. urtearen amaieran. “Tabernetan egin nuen lan, sukaldari-laguntzailea izan nintzen, pinuak mozten ere ibili nintzen... Eta hemen gustora nengoenez, gelditzea erabaki nuen”. Gustora zegoen Eibarren, baina ingurukoak ere pozik zeuden Adamarekin. “Udalak hilabete batzuetarako lana eskaini zidan eta, lana amaitu eta gero, gehiagotan deitu didate”. Lorezaina da Adama, gure herriko apaintzailea.

 

Euskera ikasteko gogoz

Ez da erreza zure jaioterria eta familia atzean utzi eta toki ezezagun batean bizitza berria hasten saiatzea; baina hizkuntza ezagutzen ez baduzu, are gogorragoa da. “Meridara ailegatu nintzenean ez nuen tutik ulertzen”. Europara etorri zenetik gogor egin du lan Adamak eta gazteleraz oso ondo egiten du gaur egun. “Euskeraz ere badakizkit pare bat berba, baina hizkuntza ikasi beharra daukat, euskeraz egiten jakitea oso garrantzitsua dela uste dudalako”.

 

Semea Donostian

Senegalen utzi duen familiak kezkatzen du batez ere Adama. Eurei laguntzeko egiten du lan eta orain dela gutxi ikusi ahal izan ditu berriz ere, oporretan joan zelako. “Senegalgo egoera ez da onena, baina osasuntsu daude eta hori da garrantzitsuena”. Euskal Herrian ere badauka familia, Donostian bizi baita bere semea. “Denbora librea daukadanean berarekin egoten saiatzen naiz. Foballa gustatzen zaigu eta, bera Errealeko zalea denez, Eibarko zalea egiteko konbentzitzen saiatzen ari naiz”, dio Adamak barrezka.

 

 

Santena gueureumena baye fall yi

Eskerrik asko lagunok