Caliko saltsa Ipuruan

Caliko saltsa Ipuruan
2023/10/25 eta kitto!
Carolina Barona eta Juan Pablo Rojas Cali hirian jaio ziren, Kolonbiako Valle del Cauca departamentuan. Ia hiru milioi biztanle ditu eta, hain handia izanik, kontraste asko dituen hiria da. Azukrearen industriak garrantzi berezia du, metalgintzak ere, bai marketinak indarra hartu du azkenaldian… “eta ‘rebusque’ asko dago”, diosku Juan Pablok. “Jendeak dirua irabazteko egiten duen lan informalari esaten zaio horrela”, argitzen digu. Adibidez, batzuek enpanadak edo bestelako jakiak saltzen dituzte kalean eta beste batzuek panela-ura edo guarapoa. “Azukre-kanaberatik ateratzen den edari tipikoa da. Freskoa denez, asko eskertzen da hango beroarekin”, Carolinak dioenez. Izan ere, Caliko klima nahiko beroa da, beroa den bezala hango jendea. “Calikoak izugarri atseginak dira, oso adeitsuak, eta beti daude laguntzeko prest”, Juan Pabloren ustez. Biak ezagututa, berak esandakoa berretsi dezakegu.

 

Gizarte-mailen bereizketa

Alde bikainak izan arren, dena ez da arrosa kolorekoa Calin, baina Calikoek ez dute euren izaera maitekorra galtzen. “Segurtasun-falta eta delinkuentzia dagoen arren, ez dugu galtzen bestearekiko konfiantza”, esan digu Carolinak. Izan ere, arazo horrekin elkar-bizi dira kolonbiarrak eta aurrera egin behar dute. “Calik duen arazo bat da gizarte-maila (estratu) ezberdinetan banatzen dela. 0tik, baxuenetik 6 zenbakiraino, hau da, aberatsetaraino”, diosku emakumeak. Juan Pablok ondo daki zer den mailarik baxuenean bizitzea. “0 estratuko familian jaio nintzen. Oso gogorra izan zen, ahazteko modukoa”, dio bizitakoa gogoratuz. “Zorionez, familiak asko babestu ninduen eta aurrera egin genuen”. Carolinak, ordea, bestelako haurtzaroa izan zuen. “Gurasoek lan egiten zutenez eskolara joateko aukera izan nuen. Gero banandu egin ziren, baina amak gogor egin zuen lan seme-alabei bizitza ona emateko eta unibertsitate-ikasketak egin ahal izan nituen”, gogoratzen du.

 

Maitasuna supermerkatuan

Calin maila ezberdinetako jendea ez da nahasten, bakoitzaren gunea ondo bereizita dago, eta Eibarren harritu egin ziren bereizketa faltarekin. “Ezin genuen sinetsi gure semeak eta nire buruzagiaren semeak eskola berean elkarrekin ikasten zutela ikustea”, aitortzen digu Juan Pablok. Euren kasua berezia da ere, gizarte-maila ezberdinetakoak izan arren, elkarrekin amaitu zutelako. Maitasun istorio ederra da: “Supermerkatu batean elkarrekin lan egin genuenean ezagutu genuen elkar”, diosku Carolinak. “Nik kaxan egiten nuen lan eta Juan Pablok produktuak poltsetan sartzen. Hala ere, inoiz ez ginen kaxa berean egoten”. Nola sortu zen maitasuna orduan? “Kaxa berean jartzen banintzen, elkarri bizkarra emango genion eta ezingo nuen Carol ikusi”, dio Juan Pablok. “Horregatik, beste kaxetan jartzen nintzen bera ikusteko”.

 

Zoriona Eibarren

Carolinak eta Juan Pablok seme bat dute, 18 urteko Juan Esteban. Kolonbian jaio zen, baina sei urterekin etorri zen Eibarrera. Izan ere, 2008. urtean lagun batek hona lanera etortzeko aukera eskaini zion Juan Pablori eta, erabaki zaila izan arren, hegazkina hartu zuen, bakarrik. “Oso gogorra izan zen, baina erabakia hartua genuen eta aurrera egin beharra geneukan”, gogoratzen du Juan Pablok. Krisiarekin, urte zaila izan zen 2008a, baina lanean jarraitu ahal izan zuen eta, hori bai, hurrengo urtean familia berriz elkartzea ezinbestekoa zen eurentzat. Hala egin zuten eta logela txiki batean bizi izan ziren hirurak hiru hilabetez. “Zerotik hasi ginen hemen, gure ikasketak eta lanbideak atzean lagata gauza berriak egiten”, gogoratzen dute. Zaila da hitz gutxitan familia honek borrokatu behar izan duena deskribatzea, baina Eibarren aurkitu duten zorionak erakusten du merezi izan duela. “Jende zoragarria ezagutu dugu hemen. Hasiera hasieratik Ipurua auzoan bizi izan gara eta gure sentitzen dugu auzoa. Kolonbiar izaerari, ohiturei eta sentimenduari eusten jarraitzen dugu, baina gure bizitza hemen dago”, diote bihotzez. Carolina eta Juan Pabloren historiak aldizkari osoa beteko luke, baina, espazio mugatua dugunez, Sostoa-Tarren kaleko Zelai Bide tabernan aurkitu ditzakezue euren istorioak entzuten jarraitzeko. Merezi du.

 

 

Cali es Cali, lo demás es loma

Cali da gauzarik garrantzitsuena, beste guztiaren gainetik