Carlitou Mendy, Senegaletik Eibarrera jauzia

Carlitou Mendy, Senegaletik Eibarrera jauzia
2023/07/16 eta kitto!
Carlitou Mendy da etorkizunean Eibarko atletismoaren munduan zeresana emango duen atletetako bat. Atletismo proba gehienetan maila handia erakutsi ondoren, irailean 19 beteko dituen atletak jauzietan (luzera-jauzian eta jauzi hirukoitzean) buru-belarri aritzeko asmoa duela esan digu. Orain arte eman duen jauzi garrantzitsuena, ostera, zortzi urterekin eman zuen, bere jaioterria laga eta Euskal Herrira etorri zenean. Jauzi horrek gorago iristeko bultzada ematea espero du.

 

Familia osoa elkarrekin

Carlitou Dakarren jaio zen, Senegalgo hiriburuan. “Hona etorri nintzenean oso txikia nintzenez, ez nuen Dakar oso ondo ezagutzeko aukera eduki”, diosku. Hala ere, gogoratzen ditu bertako bizimoduaren berezitasun batzuk. “Familiako kide guztiak elkarrekin bizi ohi gara Senegalen. Ezkondu eta seme-alabak izan arren, gehienek etxe berean bizitzen jarraitzen dute”, azaldu digunaren arabera. “Oso gustora bizi nintzen han”, baina bere familiak beste asmo batzuk zituen. “Gurasoak Euskal Herrira etorri ziren bizitza hobe baten bila, lana egitera, eta familiako beste kide batzurekin geratu nintzen Senegalen. Gero, handik urte batzuetara, hona etortzeko aukera izan nuen”, eta hemen bizi da harrezkero.

 

Kaniketan maisu

Carlitou umea zen Senegalen bizi izan zen urteetan eta kalean bakarrik ibiltzen ez bazen ere, kaleko giroaren inguruko oroitzapen batzuk ditu. “Bazegoen hotzikarak sortzen zizkidan zerbait: segurtasun eza. Adibidez errepidea gurutzatzeko , ez dago zebra-biderik eta jendeak edozein tokitatik gurutzatzen du. Azkenean ez da ezer pasatzen, baina kontrolatzen ez badute, istripu larriak gertatu daitezke”, bere ustez. Hala ere, Senegalen inguruan dituen oroitzapenak ezin hobeak dira. “Kanikekin jolastea asko gustatzen zitzaidan”, diosku. “Hona etorri aurretik kanika asko irabazi nituen, hiru botila betetzeko beste! Handik irten behar izan nuenean nirekin bizi zen lehengusuari oparitu nizkion. Ziur nago berak irabazi zituela kontatu ziela lagunei”, gehitzen du barrez.

 

Azal zuriekin harrituta

Carlitou Ermuara etorri zen lehenengo eta Eibarrera gero. Euskal Herrira iritsi zenean alde handiak aurkitu zituen Senegalekin alderatuz. “Asko harritu nintzen azal zuriko pertsonak ikusi nituenean”, diosku barrez, “ez nekien nola existitu zitekeen azal zuria zuen jendea”. Aldaketa sakona izan arren, ondo egokitu zen bizimodu berrira, baina era berean gogorra izan zen bere jaioterria lagatzea. “Senegalen eta han dagoen familiaren falta asko igartzen dut. Pena ematen dit hamar urtetan nire jaioterria zapaldu ez izana eta joateko gogoa dut. Ama eta arreba zaharrena aurten joango dira, baina ni ezin izango naiz joan oraindik”, diosku atsekabez. Hala ere, telefono mugikorra daukanetik (“15 urterekin izan nuen lehena”), Senegalen bizi direnen telefono zenbakiak biltzen dihardu eta eurekin harremana berreskuratu du. “Denbora asko pasa da Senegal laga nuenetik eta batzuetan zaila egiten zait hango pertsonak gogoratzea”, aitortzen digu.

 

Etengabe ikasten

Zortzi urterekin etorri zen Carlitouk woloferaz bakarrik egiten zuen eta hona etorri aurretik ez zen eskolara joan. Hemen, euskara eta gaztelera ikasteaz gain, idazten eta irakurtzen ikasi zuen eta eskolako ikasgai guztiei aurre egin zien. “Hasieran ez nuen ezer ulertzen. Buruarekin keinuak egiten nituen, baina ez nekien zer zioten”, dio barrez. Orain, Goi Mailako Lanbide Heziketako mekatronika ikasketak egiteko asmoa du datorren ikasturtean. Bestalde, woloferaz egiteko ohitura galdu duela aitortu digu. Izan ere, bere ama hizkuntza beste bat da: “Etxean beste hizkuntza bat erabiltzen dugu, yago. Eibarren bizi diren senegaldar gehienek, ordea, woloferaz egiten dute eta, oso ondo ulertzen dudan arren, berba egitea kostatzen zait”, diosku.