Carlos Truko, El Salvadorreko patinatzailea

Carlos Truko, El Salvadorreko patinatzailea
2023/07/24 eta kitto!
Erdialdeko Amerikako bigarren hiri handiena da San Salvador, El Salvadorreko hiriburua. Zalcoatitan bailaran dago kokatuta eta 2 milioi biztanle inguru bizi dira San Salvador sumendiak eta San Jacinto muinoak inguratuta. Hor jaio zen Carlos Truko, sarritan patinen gainean edo argazki kamerarekin ikusi ahal izan dugun mutikoa. Hainbat urte daramatza gure artean eta pozik dago Eibarren neska-laguna eta bi txakurrekin.

 

Surfa egiteko aproposa

San Salvadorreko biztanleak “nahiko pilatuta” bizi direla dio Carlosek. “Jende ona dago, jende txarra… denetatik dago. Nondik mugitu zaitezkeen jakin behar duzu”. El Salvador munduko herrialderik arriskutsuen zerrendetan agertu izan bada ere, aurriritziak albo batera utzi eta herrialdea bisitatzeko gonbidapena egiten du Carlosek. “San Salvadorreko katedrala eta Liburutegi Nazionala ederrak dira, eta El Salvadorrek toki zoragarriak ditu, hondartzak adibidez. Surfa egiteko oso toki aproposa da”.

 

Gerra Zibilarekin elkarbizitzen

1980. urtetik 1992. urtera Gerra Zibila egon zen El Salvadorren. 75.000 pertsona hil edo desagertu ziren eta gaur egun gatazka honen ondorioak somatzen dira herrialdean. “Amaitu zenean bakea etorriko zela uste genuen, baina gerraostea are okerragoa izan zen”. Carlosek urtebete besterik ez zeukan gerra hasi zenean eta ez du orduko oroitzapen beltzik. “Ez nuen gogorra izan zenik sentitu, oso txikia nintzen. Bonbardaketak zirenean familiarekin geratzen nintzen etxean eta ez ziren egun tristeak izaten”. Zorionez, Carlosen familiako inork ez zuen bizia galdu. “Hiriburuan ez ginen gauza askotaz ohartzen eta burbuila batean bizi ginen. Nagusitzean konturatu naiz hortaz”.

 

Maitasunari jarraituz

El Salvadorrera Gobernuz Kanpoko Erakunde batekin lan egitera joandako neska elgoibartarra ezagutu zuen Carlosek eta berarekin etorri zen Elgoibarrera. “Bisitan etorri eta gaur egunera arte geratu naiz Euskal Herrian”. Bidaiatzea asko maite zuten gurasoak ditu Carlosek eta asko bidaiatu izan du, beraz, ez zitzaion asko kostatu maleta egitea. Gure artean egon den 12 urte hauetan, ordea, ez du kontrako bidea egin. “Ohartu gabe urteak pasa dira eta ez naiz etxera itzuli”.

 

El Salvadorreko zaporea

Arrebaren bisita jaso du urte hauetan, baina gurasoak ez ditu ikusi. “Iraganean asko bidaiatu ondoren amak klaustrofobia dauka orain eta ezin da hainbeste ordutan hegazkin batean sartu”. Hala ere, bere burua El Salvadorren balego bezala sentitzeko modua aurkitu du Carlosek. “Behin jatetxe salvadortar batera joan nintzen Bartzelonan eta ezin izan nuen ezer jan. Nire amaren jakiak etorri zitzaizkidan gogora eta ezin nion negarrari eutsi. Ordutik, El Salvadorreko janarien errezetak ikasten hasi eta noizean behin egiten ditut”.

 

Gurpilen gainean

Patinatzea maite du Carlosek eta gurpilen gainean mundua ezagutu du. “Han bizi nintzenean Erdialdeko Amerikako hainbat herrialdetara joan nintzen patinatzera”. Hemen ere hara eta hona dabil. Amerikako Estatu Batuetatik El Salvadorrera bidaia egin zuen behin eta patinak ekarri zituen handik. Bizitza ulertzeko modua da patinajea beretzat eta orain belauna minduta badu ere, patinak janzteko irrikitan dago.