Darou Gueye, beti aurrera

Darou Gueye, beti aurrera
2023/09/17 eta kitto!
Darou Gueye Touba (Senegal) hiriaren kanpoaldean jaio zen, “egurrezko hormak eta metalezko teilatuak dituzten etxeen gunean”, azaldu digunaren arabera. Bere etxea horrelakoa zen eta hogei lagun inguru bizi ziren bertan. “Ez ginen aspertzen”, dio umoretsu. Bizimodua, ostera, ez zen erraza Darouren familiarentzat eta hala moduz moldatzen ziren aurrera egiteko.
Nerabezarotik lanean

Darou ez zen eskolara joan, ez behintzat ohiko eskolara. “Daara delakora joaten nintzen, hau da, korana ikasten zen eskolara”, diosku. Eta hori egiten zuten bertan, arabiera eta korana ikasi. “Ez matematika, ez historia, ez fisika, ez horrelako ezer”, azaldu digu. “Hemengo EPAn hasi naiz horrelako ikasgaiak ikasten, zerotik”. Horrela, familiak zituen beharrekin eta bere hezkuntzarekin, Darou gazteak ahal zuena egiten zuen aurrera egiteko. “15 urterekin kalean saltzen hasi nintzen (pultserak, bufandak, zapatilak...) eta, gero, igeltsero lanak egin nituen lau urtez”, gogoratzen du. Ez zen egoera erraza Darourentzat eta Europan bizi ziren herrikideen berbei jarraituz, Senegal lagatzea erabaki zuen. “Eurak joan badira, ni zergatik ez?”, galdetu zion bere buruari.

 

Beldurra itsasoan

Lan egiten zuen bitartean dirua aurreztu ahal izan zuen eta horrekin ekin zion Europarainoko bideari. “Marokora hegazkinez joan nintzen, ez baitute baimen berezirik es-katzen, eta han basoan ezkutatuta ibili behar izan nintzen bi hilabetez, Nador hiriaren inguruan, militarrengandik ihesi denbora osoan, txalupa hartzeko ordua iritsiko zain”, diosku. Egun batean iritsi zen abiatzeko ordua. “Ez zenuen beldurrik?”, galdetzen diogu. “Beldurra bai, baina arriskatzea erabakitzen duzun momentuan, aurrera egitea besterik ez duzu nahi”, erantzuten digu Darouk. 1.500 euro ordaindu ondoren, ‘zodiac’ antzeko txalupara igo zen beste hamar lagunekin, gauez, bizitza ugari irentsi dituen itsasoa zeharkatzeko. “Beldurgarria izan zen”, diosku. Bederatzi orduko ibilbidearen ondoren salbamendu-taldeak txalupan zihoazen lagunak hartu zituen eta Europako lurretan lehorreratu ziren.

 

Kalean lo egiten

Iritsi berri Almerian hiru egun egin ondoren, Madrilgo zentru batera eraman zuten. “Migratzaileentzako zentroa baino, kartzela zen”, Darouren ustez. Hilabete eta bost egun pasa zituen han, CEAR-era eraman zuten arte. Orduan, Lleidan bizi zen lagun batekin harremanetan jarri zen. “Handik alde egiteko esan zidan, bestela Senegalera bidaliko nindutelako, eta Lleidara joan nintzen”, kontatu digu. Lagunak lan egiten zuenez, berarekin bizi ahal izan zen urtebetez, baina lan barik geratu zenean Darouk beste bide bat hartu behar izan zuen. “Eibarren zuen lagun baten kontaktua eman zidan eta hona etorri nintzen”, diosku. Iristerakoan, ostera, inork ez zion telefonoa hartu eta kale gorrian geratu zen. “Bi astez kalean egin nuen lo eta gero Caritasera jo nuen”. Aterpea aurkitzen lagundu zioten eta, horrela, bizitza berria hasi ahal izan zuen Eibarren.

 

Atleta azkarra

Darouk atletismoa du gustoko. Beraz, Eibarren kirola non egin zezakeen galdetu zuen eta jatorri senegaldarra duen eibartar batekin jarri zen harremanetan. “Carlitou Mendyk bere entrenatzailearekin, Ermuko Antonio Cidekin, egin zuen berba eta entrenatzeko baimena eman zidan”, dio eskertuta. “Entrenatzaileak asko lagundu dit, ez bakarrik kirola egiteko aukera eman izanagatik: alokairua ordaintzen lagundu dit, hemen erroldatzen, EPAra eraman ninduen...”, zerrendatzen du. Atleta azkarra da Darou eta 100 metroko proban lehiatzen da. “Paperak falta zaizkidanez, ezin naiz lehia ofizialetan aritu, baina egin ahal izan ditudan probetan ondo ibili naiz”, diosku. Adibidez, orain dela hiru hilabete, Durangon, lasterketa irabazi zuen. 23 urterekin, lasterketa luzea du aurretik.