Eibar cool da

Eibar cool da
2023/01/11 11:53
eta kitto!
Abbie White Newtownardsen (Ipar Irlanda) jaio zen, Belfastik 16 kilometrotara. Biztanle kopuruaren aldetik Eibarren antzekoa da (28.000 biztanle inguru ditu), “horregatik nago hain gustora hemen”, Abbieren berbetan. Newtownardseko bizimodua ezberdina da. “Hiriaren erdigunean zerbitzuak, bankuak eta abar daude, baina inor ez da erdialdean bizi. Familia bakarreko etxebizitzetan bizi gara eta etxean egiten dugu bizitza, neguan batipat. Normalean 09:00etatik 17:00etara egiten du lan jendeak eta 18:00etan afaltzen dugu”.

 

Hizkuntzaren bidetik

Frantses filologia eta filologia hispanikoa ikasi zituen unibertsitatean, Belfasten. “Txikitatik frantsesa ikasi nuenez, bigarren ikasturtean Madrilera joan nintzen gaztelera hobeto ikasteko”. Lehen Hezkuntzako ikastetxe batean egin zuen lan Madrilen, “eta irakaskuntza ikasteaz gain, Espainiako toki asko ezagutzeko aukera eduki nuen”. Madrilgo ikastetxeak jarraitzeko eskaintza egin zion, baina Belfasten ezagutu zuen euskaldun talde batek gauza zoragarriak kontatu zizkion Euskal Herriari buruz eta planak aldatu zituen. “Donostiko Egia auzoko ikastola batean lan egiteko eskaera egin eta onartu egin zidaten, eta hara joan nintzen”.

Bide guztiek Eibarrera daramate

Belfasten ezagutu zuen euskaldun talde horretan eibartar bat zegoen, Alberto, gaur egun bere senarra dena. Alberto Belfastik Eibarrera itzuli zen eta Donostiako egonaldian berarengandik hurbilago egoteko aukera izan zuen Abbiek. Madrildik Donostiara ezberdintasunak nabaritu zituen. “Azken finean, Donostia hiria bada ere, herri bat bezalakoa da. Toki batetik bestera oinez joan zaitezke, errazagoa da jendea ezagutzea eta, gainera, ederra da”. Aldaketa hori gustatu zitzaion, “gehiago gustatzen zaizkidalako hiri txikiak”, eta Eibarrera etorri zenean are gustorago sentitu zen. “Hasieran asteburuetan etortzen nintzen Eibarrera eta, azkenean, senarrarekin eta bi urteko semearekin bizi naiz hemen!”.

Etxeko janaria bezalakorik, ezer

Eibarrek harritu egin zuen Abbie hasieran. “Hiri txikia izanik pentsatzen nuen ez zela egongo gauza asko egiteko aukerarik, baina hemen jendea ez da geldirik geratzen! Kaleko bizitza asko dago eta jendea oso atsegina da”. Ez zitzaion asko kostatu Eibarko bizimodura egokitzea eta lagunak egin zituen berehala. “Hizkuntza ezagutzen nuen, nire senarra hemengoa da eta horrek bidea asko errazten du”. Horrela, ia oharkabean, denborak aurrera egin du eta familia osatu du Eibarren. Ahal duenean Newtownardsera joaten da edo familiakoak etortzen dira, baina badaude egunerokoan faltan botatzen dituen gauzak. “Hemengo janaria ona da, baina etxeko jakien falta sentitzen dut; hara joaten naizenean nire txokolate gustokoena erosteko aprobetxatzen dut; nire lagun minak han daude eta eurekin kafetegi ingeles tipiko batera joatea faltan botatzen dut, besteak beste”.

Eibarpool

Foballa asko gustatzen zaio eta Liverpool taldeko zalea bada ere (“aurten oso ondo gabiltza Premier Leaguen, lehenengo postuan”), hona etorri zenetik Eibarko bazkidea da eta Ipuruara joaten da etxeko neurketak ikustera. “Etorri nintzenean taldea Bigarren B Mailan zegoen eta ordutik joan naiz zelaira. Orain, Lehen Mailan, asko ari naiz gozatzen”. Ipurua ez da Anfield, baina beti izan du xarma britaniarra.

 

´When in Rome, do as the romans do´

Non zer ikusi, han huraxe ikasi.