Eibar, Ivanen bizitoki ideala

Eibar, Ivanen bizitoki ideala
2023/10/26 10:49
eta kitto!
Ukraina Sobiet Batasuneko lurraldea zenean jaio zen Ivan Makarenko Kremenchuken (errusieraz Kremenchug), Ukraina ekialdean dagoen Poltava probintziako hirian. 90. hamarkadan, Sobiet Batasunaren desagerpenarekin Ukrainan bizitako sasoi latzean, Argentinara joan zen bizitzera eta, Buenos Airesen zazpi urte bizi ondoren, Ermuan pasa ditu azken zortzi urteak. Hona iritsi zen momentuan Euskal Herriaz maitemindu zen eta orain, emaztearekin Sautxin erosi duen etxearekin eta Matxarian daukan karrozeria tailerrarekin, Eibarren finkatu du bizilekua denbora luzerako. Betiko agian. “Horrelako toki batera iristen zarenean ez duzu utzi nahi”.

 

 

Familiaren batasuna

Munduan alde batetik bestera ibiltzen zarenean zaila da familia elkarrekin mantentzea, baina Makarenkotarrek beti elkarrekin bizitzea lortu dute Ukrainan, Argentinan edo Euskal Herrian. Bere anaia bizimodu hobe baten bila joan zen Argentinara eta aitak bide bera jarraitu zuen. “Handik hiru urtera amarekin joan nintzen, 15 urterekin”. Euskal Herrira etorri zirenean ere ez ziren denak batera etorri, “aita izan zen lehena”, baina orain denak bizi dira Eibar, Elgoibar eta Ermua artean.

 

Krisiak saihesten

Sobiet Batasunaren desagerpenak krisi latza eragin zuen Ukrainan eta hori izan zen Makarenkotarrak Argentinara joateko arrazoi nagusia. Ivanen anaiak Argentina sasoi onean harrapatu zuen, baina handik gutxira gertatu zen corralito famatua. Familiak, ordea, aurrera jarraitu zuen 2006an aitak Euskal Herrian zegoen lagun baten deia jaso arte. “Krisi aurreko sasoia zen, eta lan asko eta ona zegoen hemen”. 2008an, ordea, aski ezaguna den krisia iritsi zen hona. Krisi ezberdinek jarraitzen zutela ematen du, baina Makarenkotarrek beti jarraitu dute gogor lanean.

 

Che, Ruso

Migratzaileen herrialdea da Argentina eta ukraniar komunitatea aurkitu zuen han Ivanek. “Sarritan elkartzen ginen hainbat gauza egiteko”. Argentinarrentzat, ordea, denak dira errusiarrak. “Ruso deitzen zidaten, ez dute ukrainar, bielorrusiar, errusiar edo poloniarren artean ezberdintasunik egiten”. Hori bai, argentinarrek beso zabalik hartu zuten Ivan. “Euretako bat banintz moduan. Eta hemen ere berdin”.

 

Bizitzen jakin

Eguerdian tailerra itxi eta arineketan egitera edo gimnasiora joateko ohitura du Ivanek, baina orain dela gutxi arte txirrindulari moduan ibili da. Ermuan karrozeria tailer batean lan egin eta gero, orain tailerra ireki du Matxarian eta ordu asko egin behar izaten du lan. “Hala ere, hemen badakizue ondo bizitzen, nahiz eta lan asko egin dena ez delako lana. Asko gustatzen zait pentsamolde hori”. Ukrainan ez da horrela. “Hemen lan asko egiten dugula diote han bizi diren familiakoek, baina hemen badakigu bizitzen eta gozatzen”.

 

Errusiera nagusi Ukrainan

Gaur egun bikain egiten du gazteleraz, baina Argentinara joan aurretik Ivanek ez zekien gaztelerazko berba bat bera ere. Euskara ikasteko gogoa ere badauka, baina denborarik ez duela dio. “Hala ere, hemen euskarari ematen zaion babesa zoragarria iruditzen zait, bestela galdu egingo da”. Berak ukraineraz eta errusieraz ere egiten du, eta ukrainera gehiago babestu behar dela dio. “Hemen gaztelerarekin gertatzen den bezala, han errusiera gehiago egiten da ukrainera baino. Nik nahiago dut ukranieraz egin, baina tamalez ez dago modan”.

 

 

 

Не говори "гоп", пока не перепригнешь!

Ne govori gop poka ne pereprygnesh.

 

Ez esan egin duzula amaitu arte