Eibarren pura vida

Eibarren pura vida
2023/01/31 13:01
eta kitto!
Costa Rican sarri erabiltzen den esaldia da pura vida. Agurtzeko, dena ondo dagoela adierazteko edo ondo zauden galdetzeko, costarricarren bizitzeko filosofia laburtzen du. Ana Dodero Costa Rican jaio zen, Turrialban. Izen bereko sumendiak zaintzen du herria eta azken aldian sumendira begira jarri dira herritarrak. “Urte askoan lo egon zen, kraterrean egon izan naiz txikitan, baina 2014an erupzioa egin zuen eta kea dario ordutik”. Sumendiak turismoa erakartzen du eta garrantzitsuaren da ekonomia aldetik, baina azukre-kanaberaren industria da nagusi han. “Gainera, AEBko Beisbol Liga Handietan erabiltzen diren pilotak ere han egiten dira, nire etxe alboan dagoen Rawlings lantegian”.

 

Orduak eta orduak kalean

Costa Ricako klima tropikala da, eta eguraldia nahiko aldakorra bada ere, ez diote jaramon handirik egiten (eguraldiaren) iragarpenari. “Euria edo eguzkia egin, bero egiten du orokorrean”. Klima atsegina dute umeek kalean orduak pasatzeko. “Haurtzaroko oroitzapen zoragarriak ditut. Iluntzera arte jolasten nuen lagunekin ezkutaketetara, tortolosetan, bizikletan, kulunkan... zikin-zikin eginda itzultzen ginen etxera”. Aitxitxak lursail bat zuen eta Anak han landatzen zutena saltzen zuen bost urterekin. “Tomateak, lekak... hartu eta auzokoei saltzen nizkien”, gogoratzen du barrez. “Amari dirua ez eskatzeko egiten nuen, gero gozokiak erosteko”.

 

Ozeano Baretik Eibarrera

Ozeano Bareak eta Karibe itsasoak bustitzen dute Costa Rica eta hondartzak aukeran dituzte. “Zoragarriak gainera”. Itsasertzean ezagutu zuen gaur egun bere senarra dena, “Amerikan zehar bidaiatzen zebilen eibartar bat”. Handik gutxira Eibarrera etorri zen bisitan eta polita iruditu zitzaion. “Asko harritu ninduen kalean dagoen bizitzak. Lana egiteaz gain, bizitzaz gozatzeko gogoa du jendeak. Costa Rican, ordea, etxeetan biltzen gara batez ere eta erlaxatuago bizi gara”. Pura vida bizimodua, familia, lagunak eta lana utzi eta Eibarrera etorri zen bizitzera orain dela sei urte, eibartar bihurtu arte. “Costa Ricako jatorria duena bakarra, erroldak dioenez”.

 

Mae

Ana berehala moldatu zen Eibarko bizimodura. “Familia eta lagun zoragarriak aurkitu ditut hemen eta erraz moldatu nintzen. Zorte handia izan dut”. Mae deitzen diote eta pozik hartu du ezizen hori. “Gazteleraz ‘tío’ edo ingelesez ‘dude’ bezala erabiltzen dugu mae Costa Rican”. Bere herrialdean esamolde eta berba ezberdinak erabiltzen badira ere, gazteleraz egiten duenez ez du arazorik izan hizkuntza aldetik, baina zer moduz euskerarekin? “Gauza asko ulertzen ditut eta gehiago ikasten saiatzen naiz, baina zorretan nago euskerarekin. Ingurukoek euskeraz egiten dute eta asko ikasten dut horrela. Ez dezatela gazteleraz egin ni eurekin nagoelako”. Gainera, arbaso euskaldunak izan ditzakela dio. “Nire bigarren abizena Garita delako”.

 

Costa Ricako kafea

Milaka kilometrotara bizi den familiaren falta asko igartzen dut, “eta momentu zailak pasatzen ditut”. Hala ere, Costa Rica hurbil sentitzen saiatzen da ahal den heinean. “Costa Ricako kafea estilo tradizionalean hartzen dut egunero eta kozinatzea gustatzen zaidanez, hango jakiak prestatzen ditut sarritan”. Gabonetan, hango ohiturari jarraituz, txerri-hanka egiten du, eta Costa Ricako musika taldeak entzuten ditu. “Talentu handiko jendea dago. Cocofunka, adibidez”. Gainera, hango lagunen bisitak jaso izan ditu eta Eibar asko gustatu zaiela dio. “Batzuk behin baino gehiagotan etorri dira. Hori bai, etortzen denak Costa Ricako kafea ekarri behar du”.

 

 

Suave un toque

Lasai egon, itxaron pixka bat