[eibartHARTUak] Montzoiak ekarri zuen Ahsen

[eibartHARTUak] Montzoiak ekarri zuen Ahsen
2023/12/16 eta kitto!
Ahsen Lalamusa Pakistanen jaio zen, Punjab probintzian, biztanleria handiena duena. “Bero ikaragarria egiten du han, hemen gustorago sentitzen naiz”. Pakistango iparraldera joan ahala, itsas-mailaren altuera gora doa, Himalaia mendilerroarekin topo egin arte. Eta beroa eta Himalaia formula berean sartuta, hain ezaguna den montzoia sortzen da. “Urte osoan zehar lehorteak eta beroa pasa ondoren, uztailean eta abuztuan demaseko euriteak egoten dira”. Euriteen ondorioz Ahsenen etxean ura sartzen zen eta, kokoteraino zegoenez, familiarentzat etxe berria eraiki nahi zuela erabaki zuen. “Horregatik etorri nintzen Europara”.

 

Etxe berri batengatik lanean

Mönchengladbach (Alemania) izan zen bere lehen geltokia Europan. “Hiru urtez egon nintzen han eta emakumeen arropa saltzen ibili nintzen”. Vienan (Austria) beste hiru urte egin zituen eta jatetxe bat jarri zuen lagun batekin. Katalan Herrietara joan zen ondoren, Bartzelonara lehenik eta Valentziara gero, eta handik Bergarara etorri zen. “Familiako batzuk bizi ziren han”. Azkenik, 2007an, Eibarrera iritsi zen. “Lokutorio bat jarri nuen lehenik, gero janari-denda bat, ondoren fruta-denda bat, Ermuan telefono-denda bat eta, orain, jatetxe bat Arraguetan”. Buruzagirik izan nahi ez zuela erabaki zuen orain dela urte batzuk eta bere kabuz lan egiten hasi zen. “Ez zait besteentzat lan egitea gustatzen, nahiago dut lan gehiago egitea eta gutxiago irabaztea, baina niretzat lan egitea. Askatasuna sentitzea oso garrantzitsua da niretzat”. Eta bere asmoa lortu du. Gainera, lan asko egin ondoren, bere helburu nagusia betetzea lortu: familiarentzat etxe berria eraikitzea.

Munduko biztanlea

Ahsenek munduko biztanletzat du bere burua. “Hainbat herrialdetan bizi izan naiz eta mundu osoko pertsonak ezagutu ditut. Horrek nire ikuspuntua eta pentsamoldea aberastu eta zabaldu du”. Urduz, punjabieraz, alemanieraz, ingelesez eta gazteleraz ondo berba egiteko gai da, eta euskeraz berba batzuk esateko gai da. “Eibartar gehiengoak euskeraz egingo balu, berehala ikasiko nuke”.

Esku-azpiak irakurtzen

Izarrak eta esku-azpiak irakurtzeko zaletasuna du, eta ikasketak egin ditu horren inguruan. Gainera, psikologia eta medikuntza naturala ikasi ditu baita ere. “Esku-azpiak irakurrita pertsonen izaera eta nortasuna irakurtzeko gai den pertsona asko dago Pakistanen”. Aspalditik datorren jakintza da bere ustez. “Orain dela 5.000 urte baino gehiago jendea bizi zen Indiako azpikontinentean eta, ondorioz, gizaki askok ez dakizkiten gauzak dakizkigu”. Medikuntza naturala goraipatzen du eta, era berean, berba onak ditu Eibarren aurkitu duen osasun-sistemarekiko. “Nire sendagilea zoragarria da, bikain tratatzen nau”.

Pakistango eta Indiako janariak

Pakistan eta India herrialde ezberdinak badira ere, herri bera osatzen dutela dio Ahsenek. “XVIII. mendean Britaniar Inperioak Indiako azpikontinentea konkistatu zuen eta 1947an, alde egin zutenean, India eta Pakistan banatu eta herrialde bi sortu zituzten. Erlijio nagusia ezberdina da herrialde bietan, baina gure kultura eta ohiturak berdinak dira, edo antzekoak behintzat”. Gastronomia ere antzekoa da eta Ahsenen jatetxean herrialde hauetako jakiak jateko aukera dago. “Pakistanen egongo banintz bezala jaten dut hemen”.

ahsen esaldia

Lan egin behar duzu, ez duzu enbidiarik izan behar.