Errugbiarekiko maitasuna

Errugbiarekiko maitasuna
2019/06/07 eta kitto!
Mauro Amorren bizitza ezin da ulertu errugbi barik. Berba bakoitzean kirol honen inguruan duen pasioa erakusten du. Bere ustetan errugbia ez da kirola bakarrik, “bizimodu bat baizik”. Errugbiaz bizitzeko ametsa bete du, lehenengo Gernikan eta orain Eibarren, eta gustora bizi da hemen. Jokalariak zaintzen edo prestatzen, zelai barruan jokatzen edo hirugarren zatian berbetan, errugbia arnasten du Maurok.

 

Garagardoaren hirikoa

Quilmesen jaio zen, Buenos Aires Handian, Argentinako garagardo famatuena (Quilmes) sortu zen tokian. Hiri handia da Eibarrekin alderatuz. “Quilmes hiru zatitan banatzen da (erdigunea, ekialdea eta mendebaldea), eta zati bakoitza Eibar baino handiagoa da”. Maurok han egin du bizitza osoa. Hazi, ikasi, lan egin eta, noski, errugbian jokatu. Circulo Universitario de Quilmes(CUQ) taldean beti, Buenos Aireseko selekzioan jokatzeaz gain. “Argentinan gaizki ikusten da taldez aldatzea. Aldatzeko aukerak izan nituen, baina lagunek esaten zidaten taldez aldatuz gero ez zidatela berbarik egingo”.

 

Lagunak errugbiarekin

11 urterekin hasi zen errugbian jokatzen eta kirol honek eman dizkio lagun handienak. “Argentinan ez dago koadrilarik. Kirol bat egiten baduzu, kirol horren bitartez ezagutzen dituzunak dira zure lagunak”. Errugbian ibilbide ona eta luzea egin du Maurok eta lagun asko egiteko aukera izan du. “Adin guztietakoak”. Orduak eta orduak pasa ditu zelaian, gimnasioan edo, beste barik, taldekideekin. “Jausi egiten zara, irabazi edo galdu egiten duzu… guzti-guztia taldekideekin batera. Ez du esan nahi errugbian jokatzen ez duen lagunik ez duzula edukiko, baina taldekide batekin bizi duzuna guztiz ezberdina da”.

 

Medikuntzatik fisioterapiara

Medikuntza ikasketak egin zituen lau urte, baina fisioterapiaren bidea hartu zuen gero. Azken urteak Euskal Herria eta Argentina artean pasa ondoren, karrera amaitu du. Orain, errugbian jokatzeaz gain, fisioterapeuta eta prestatzaile fisikoa da Eibar Rugby Taldean (ERT). “Emakumezkoek asko hobetu dute eta fisikoki oso ondo egon dira, eta gizonezkoen taldean egon naizen hiru urteetan oso lesio gutxi izan ditugu”. Biziki maite duen lana izanik, kontu handiz egiten du bere beharra.

 

Hazten doan kirola

Errugbiak eman dion lagun batek ekarri zuen Eibarrera. “Gaston Ibarburu eta Cristina Guntin (ERT-ren gizonezkoen eta emakumezkoen entrenatzaileak, hurrenez hurren) ezagutzen nituen eta ERT-ra etortzeko eskaintza egin zidaten”. Azken urteetan errugbia asko hazi da Eibarren eta Gaston, Cristina eta Maurok dute, besteak beste, horren errua neurri batean. “Ez dugu hemengo kultura eta izaera aldatzerik nahi, baina errugbiarekiko dugun ikuspegia partekatu nahi dugu, asko gozatzen dugulako”.

 

Eibarko giroa gustoko

Gernika eta Eibar alderatuz, zintzoa da Mauro. “Gernika politagoa da, sentitzen dut, baina Eibarren dagoen giroa asko gustatzen zait”. Ondo egokitu da hemengo bizimodura eta Argentinako hainbat ohitura mantentzen ditu. “Matea edatea, adibidez”. Datorren astean Eibarren ez da materik egongo, baina bai Quilmesen hain ezaguna den garagardoa, hain zuzen ere ERT-k antolatzen duen Garagardo Jaia egingo delako. Errugbiaren osasunean topa egiteko momentua izango da.

 

 
Eh, boludo

Eh, mozolo

(Nahiz eta iraina dela dirudien, guk ez dugu horrela hartzen, “eh, motel” esango bagenu bezala baizik)