Eibarko Mendiak Bizirik-ek salatu du Basalgo proiektua opakotasun fase batean sartu dela
Eibarko Mendiak Bizirik plataformak salatu du Basalgoko parke eolikoaren prozedura «opakutasun fase batean» sartu dela. Plataformaren arabera, proiektua berriz aurkeztu zenetik herritar eta elkarte askok ez dute dokumentazioa eskuratzeko eta alegazioak aurkezteko aukerarik izan. Horregatik, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailari eskatu dio prozedura publikoa egiteko.
Joan den abuztuan Arena Power enpresak proiektuaren bertsio berria aurkeztu zion Eusko Jaurlaritzari, eta alegazioak aurkezteko beste epe bat ireki zen. Hala ere, dokumentazioa ez zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu. Eibarko Mendiak Bizirik-en arabera, kaltetutako bost udalek eta administrazioak «interesduntzat» jotako partikular, elkarte eta erakunde gutxi batzuek baino ez zuten jaso informazioa.
Plataformak salatu du hasierako proiektuari alegazioak aurkeztu zizkioten herritar gehienek ez dutela erantzunik jaso, eta ez dutela proiektu berria aztertzeko eta hari alegazioak aurkezteko aukerarik izan. Azken asteetan, herritar eta elkarte askok eskatu diote Industria Sailari prozeduran interesduntzat hartzeko. Batzuei dokumentazioa eskatu diete, baina, aurkeztu ondoren ere, ez diete erantzun.
Interesdun izateko eskaerei erantzunik ez
Eibarko Udalak alegazioak aurkezteko epea bost egunez luzatu izana ere kritikatu du plataformak. Haren arabera, legez hamabost eguneko luzapena eman zitekeen. Epea datorren astean amaituko denez, herritarrek beren eskubideak erabiltzeko aukerarik gabe geratzeko arriskua dutela ohartarazi du.
Eibarko Mendiak Bizirik plataformak lau baserriren egoera aipatu du. Plataformak azaldu duenez, Arena Powerrek aurkeztutako itzalen azterketan, lau baserri horiek atalase optimoa gainditzen duten eremuan ageri dira. Hala ere, baserri horien jabeak ez dituzte prozedurako interesduntzat jo, eta ez diete beren eskaerei erantzun. Antzeko egoeran dagoela salatu du Eibarko Baso Biziak elkartearen kasuan ere, proiektuak zuzenean kaltetutako lursailak baititu.
Aerosorgailuen kokapenean aldaketak
Plataformak gogorarazi du ingurumen-ondorio esanguratsuak eragin ditzaketen proiektu-aldaketek informazio publikoaren eta kontsulten beste fase bat eskatzen dutela. Proiektu berrian, hasieran aurreikusitako sei aerosorgailuetako bat kendu dute, eta beste biren kokapena aldatu. Horietako bat San Salbatore ermitatik oso gertu geratuko litzatekeela ohartarazi du.
Eibarko Mendiak Bizirik-ek Industria Sailari eskatu dio prozedura publikoa bermatzeko eta herritar guztien parte-hartzea ahalbidetzeko. Gainerako administrazioei ere eskatu die gardentasuna bermatzeko esku har dezaten.