Infernua paradisuan

Infernua paradisuan
2023/11/19 eta kitto!
Bizitza ez da gozoa izan Benitarentzat. Bere istorioa ez da batere atsegina, nahiz eta pertsona irribarretsua izan. Gurasoen tratu txarrak jasan zituen; haurra zenetik gogor lan egitera behartu zuen familia batekin hazi zen; 15 urterekin maite ez zuen gizon batekin ezkondu zuten; bizia arriskuan jarri zuen Eibarrera heltzeko eta gure artean pasatu zuen lehen urtean, bere jaioterriko etxea galtzeaz gain, umiliazioak jasan zituen. Benitak, ordea, aurrera egin du eta zoriontsu dela esan digu.

 

Turisten gozamenerako hondartzak

Dominikar Errepublikako Samana probintzian jaio zen Benita de los Santos Drlla (edo Ana Julia, horrela ezagutzen dutelako lagunek). Klima tropikalarekin, hondartza zuri eta urdin turkesa koloreko itsasoarekin, oso toki turistikoa da, baina Benitak dio dominikarrentzat zaila dela paradisuaz gozatzea. “Gure egoera ekonomikoa ez da batere ona eta turistek bakarrik gozatzen dute han daukagunaz. Ezin dugu bainu bat ere hartu, dena hotelen eskuetan dago eta guretzat garestiegia da”.

 

Haurtzarorik ez

Ez ditut gurasoak maite”. Istorio gogorra dago esaldi mingarri honen atzean. Benita Samanako Arroyo Barril herrian bizi zen 18 anai-arrebekin eta, bere berbetan, “nire gurasoek ez zekiten umeak hezitzen eta tratu txarrak jasaten genituen”. Anai-arreba asko zirenez, euretako asko beste familia batzuekin hazi ziren, baita Benita ere. “Ez ditut anai-arreba batzuk ezagutzen”. Sansouci herriko familia batekin bizi izan zen 14 urte bete arte eta euren neskamea izan zen. Ez zioten eskolara joateko aukera eman, ezta jolasteko ere. “Ez nuen haurtzarorik eduki”.

 

Bizitza arriskuan Eibarrera bidean

Benitak dioenez, hango soldatekin kosta egiten da hilabete amaierara iristea eta, “Europan dirua irabaziko dugula entzutean, antxitxiketan etorri nahi dugu”. Propietate bat saldu eta bankuan mailegua eskatu zuen bidaia ordaintzeko. “Behar nuen diruaren erdia lortu eta etxea utzi nuen abal moduan”. Zuzenean Madrilera joango zela esan zioten, baina engainatu egin zuten eta odiseak hainbat hilabete iraun zuen. “Turkiara heldu nintzen eta bi hilabete egin nituen han jende askorekin toki berean bizitzen. Lurrean egiten genuen lo. Greziara ezkutuan sartzea zen gure helburua, askok bizitza galdu duten tokitik. Oso gogorra izan zen (hotza, beldurra, gosea…), etsitzeko zorian egon nintzen, poliziak harrapatzea nahi nuen hura behingoz amaitzeko, baina azkenean lortu genuen pasatzea”. Grezian beste bi hilabete egin zituen eta, irten ahal izan zenean, Eibarrera iritsi zen.

 

Etxea galdu eta umiliazioa jasan

Eibarrera heltzean ez ziren gauzak hobetu. “Emakume baten etxera joan nintzen bizitzera eta bere familiaren kargu egin nintzen. Urtebete egin nuen eurekin eta zoratu egin nintzen. Negar asko egin nuen”. Abal moduan utzitako etxea ordaintzea zen Benitaren asmoa, baina nahiz eta egun osoan lan egin, ezin izan zuen, “eta etxea galdu nuen”. Hala ere, emakume honen etxetik irten ahal izan zen lagun bati esker eta gogor lan eginez aurrera egin du. “Umiliatu egin naute, gauza txarrak esan dizkidate, oso sasoi latzak pasa ditut… baina horrela iritsi naiz hona”, dio irribarretsu.

 

Eibarren luzerako

Umea zenetik gogor egin du lan Benitak, ez du beste ezer ezagutu. Garbitzen, beste pertsona batzuk zaintzen, josten, ilea apaintzen… lanerako gogoa eta trebezia ez zaio falta izan, eta horrela egin du aurrera. Zazpi urte daramatza Eibarren eta sei seme-alabetatik bost ditu hemen. “Hemen irabazitako guztia eurentzat gorde dut, ez ditut 15 euro ere eduki niretzat”. Horrela, seme-alabek ez dute Benitak pasatako odisea bizi behar izan hona iristeko. Eibarren jaiotako ilobak ere baditu eta ez du beste inora joan nahi. “Oso pozik nago hemen, ez dut Dominikar Errepublikara bueltatu nahi”.