Kristina Mirchuk, eibartar transkulturala

Kristina Mirchuk, eibartar transkulturala
2023/04/24 eta kitto!
Kristina Mirchuk Alemanian hazi da, baina bere jatorria “nahiko nahasia” da, berak dioenez. “Alemaniar nazionalitatea dut, baina eslaviartzat dut neure burua. Ezin dut esan nire jatorria herrialde jakin batean dagoenik, herrialde ezberdinetan bizi izan naizelako (Ukrainan, Errusian, Bielorrusian…) eta zenbait hizkuntza eslaviarretan mintza naitekeelako”, diosku. “Alemanian pasa dut nerabezaroa, han ikasi dut eta han heldu naiz. Han egin naiz gaur egun naizen pertsona”. Pertsona transkulturala dela dio eta bere etxean, Eibarren, bost hizkuntza ezberdinetan egiten dute berba.

 

Berlinen bizitzea, zaila familiarekin

Eibarrera bizitzera etorri aurretik, Kristina Berlinen bizi zen senarrarekin. Baunschweigen ezagutu zuten elkar, Alemania iparraldean. “Bera eibartarra da eta han ikasi zuen. Sei hilabeteko praktikak egitera joan zen eta hamar urte egin zituen Alemanian”, diosku. Gero, Berlinera joan ziren bizitzera. “Gaztea bazara eta seme-alabarik ez baduzu, primerako hiria da Berlin, baina alaba jaio zenean zaila egiten zitzaigun han bizitzea”, aitortzen digu. Kristinak Volkswagen enpresan egiten zuen lan, Wolfsburgen, Berlinetik 200 kilometrotara, eta abiadura handiko trena hartu behar izaten zuen egunero. “Oso bizitza estresagarria zen. Alemania oso ondo dago lan egiteko eta karrera bat garatzeko, baina ume txikiekin zaila da, batez ere lagundu ahal dizun familiarik ez baduzu”.

 

Azken etxe aldaketa

Kristina 2016an etorri zen Eibarrera bizitzera, baina ez zen erraza izan hona etortzeko erabakia hartzea. “Senarrak beti izan du jaioterrira itzultzeko asmoa”, kontatu digu. Alemanian jaio ziren seme-alabak, han lanpostu onak zituzten eta baita etxea erosteko planak egin ere, baina 2016an aukera egin behar izan zuten. “Euskal Herrira bizitzera etorri nahi bagenuen, orduan izan behar zuen, seme-alabak nagusitzerakoan ez genuelako egingo”. Berarentzat ez zen gauza berria izan, sarritan etxez aldatu delako, eta maletak egin zituzten Eibarrera etortzeko.

 

Preziorik gabekoa

Familiak Eibarren du etxea, baina inguruak bisitatzea asko gustatzen zaie. “Naturaz gozatzen dugu eta ahal dugun guztietan tokiak ezagutzeko aprobetxatzen dugu. Euskal Herriak eskaintzen duen guztia ezin da erosi Berlinen bizi bazara. Han beste gauza batzuk daude, oso eskaintza kultural handia dago eta horregatik gogorra egin zitzaidan hona egokitzea”. Hasieran bitxia egiten zitzaion jendeak bere jatorriaz edo senarra zein zen galdetzea. “Berlinen ezin da horrelakorik imajinatu ere egin”. Ezberdintasun handiak daude, noski. “Han jendeak kalean ez du ‘kaixo’ esaten, eta hemen bai, auzoan behintzat. Ohitu naiz ezagutzen ez dudan jendea agurtzen”, dio irribarretsu. Eta beste ezberdintasun bat aurkitu du: “Hemen, ume bat jausten bada, jendea berehala hurbiltzen da laguntzera, eta Alemanian hori ez da hain ohikoa”.

 

Enpresen ezagutzaren kudeaketa

Alde batetik, familiak aurkitu du hona etorri zenean bilatzen zuena, umeak oso pozik daudelako. Baina bestetik, lanari dagokionez, Kristinak ez du aurkitu bere perfilera egokitzen den ezer. Bere ustez hemen ez dira lana eta familia uztartzeko baldintza egokiak ematen eta seme-alabak independenteagoak izatera itxaron zuen Geist Consultancy sortzeko, erakundeen ezagutzaren kudeaketaz, antolaketaren garapenaz eta garapen pertsonalaz arduratzen den enpresa. “Lan psikologiaren inguruko ikasketak egin ditut eta horretan egin dut lan Alemanian. Enpresen ezagutza estrategikoa lantzen dugu eta uste dut lagungarria izan daitekeela hemengo enpresentzat. Ezagutza eta esperientzia handia dago hemen, baina beharbada batzuetan giza ikuspuntu hau behar dute. Langilea ez ikustea zukua ateratzeko zerbait bezala, baizik eta bakoitzak duen ezagutza estrategikoaz baliatzea”.

 

 

Wir fliegen weg, denn wir leben hoch,die Welt ist klein und wir sind gross

Goian bizi garelako egiten dugu hegan, mundua txikia da eta gu handiak gara