La vie est belle Eibarren

La vie est belle Eibarren
2023/10/11 eta kitto!
Dena ez da arrosa kolorekoa, baina Patrick Clavel ondo egokitu zen Eibarko bizimodura. “Frantziako lagunak etortzen direnean liluratuta geratzen dira hemengo bizimoduarekin”, baina aitortzen du askotan pentsatu duela bere jaioterrira bueltatzea. Emaztearekin eta bi alabekin bizi da Estaziño kalean. “Asko gustatzen zait kale hau eta azken pisuan bizi gara, goian bizilagunak eduki gabe, zorionez”. Etxebizitza bakarreko eraikinean bizitzera ohituta egonda, ez da gutxi.

 

Gazteen Etxean

Castresen jaio zen Patrick, Okzitanian, Toulousetik gertu. Nahiko hiri handia da azaleran eta lagunekin elkartzeko bizikletan edo Mobylettean joan behar izaten zen. “Gazteen Etxeak ditugu herri bakoitzean eta han elkartzen ginen. Ping-pong mahaiak eta bestelako jolasak genituen, eta dena doan”. Hor ez bazen, kalean pasatzen zituzten orduak. “Telefono mugikor barik, askoz hobeto! Hori bai, ez ginen hemen bezain berandu bueltatzen etxera”. Gauean irtetzeko adinarekin, asteburuetan, pixkat beranduago etxeratzen ziren, “baina ez dago tabernarik taberna ibiltzeko ohiturarik, kalean egoten ginen”.

Estuasunik gabe

Lana beti da lana, Castresen eta Eibarren, eta dirua ez da inon zerutik jausten, baina han erraztasun gehiago ikusten ditu bizi izateko. “Etxearen alokairua ordaintzeko laguntza gehiago dago, soldatak handiagoak dira, supermerkatua eta abar ez dira askoz ere garestiagoak… 1.500 euroko nomina batekin ondo bizi zaitezke han”. Estuasun handiagoa ikusten du hemen zentzu horretan. “Gauzak gehiago aztertu eta begiratu behar dituzu”.

Foball afizionatuan

Pirinioetatik ordubetera dago Castres eta Patrick sarritan joan izan da eskiatzera. “Lagunekin joaten nintzen asteburuetan gurasoak nahiko nagusiak direlako, eta ez dut imajinatzen eurekin eskiatzea”. Kirola gustoko du Patrickek eta gaur egun foballean jokatzen jarraitzen du Eibarko afizionatuen ligan. Edozein postutan jokatzen du, “uzten didaten tokian”, baina eskertzen du asteburu goizetan kirola egitea. “Astean zehar lana egin beharra dago eta ez dut ezertarako denborarik izaten. Gainera, partiduak goizean izaten direnez, gero egun osoa duzu aurretik ondo aprobetxatzeko”.

Alabarengatik Eibarrera

Patrickek familia osatu du Albin (Castresetik hurbil dagoen herri batean) ezagutu zuen neska eibartar batekin. “20 urte zituenean frantsesa ikastera joan zen eta hara heldu eta hiru egunetara taberna batean ezagutu nuen”. 23 urte pasa dira ordutik eta bi alaba dituzte orain. “Lehendabizi Albin bizi izan ginen, gero Baiona eta Biarritz inguruan, Donibane Garazin ondoren, Irunen ere bai, eta alaba nagusia jaio behar zenean hona etorri ginen”. Etorri eta astebetera Patrickek lana aurkitu zuen Mendaron, eta ordutik familia ez da Eibartik mugitu.

Etxean frantsesez

Patrickek ez zekien gazteleraz ere egiten Eibarrera etorri zenean eta iritsi bezain laster lanean hasi zenez, modu intentsiboan ikasi zuen hizkuntza. “Nire emazteak egin zuen lan-elkarrizketa”, dio barrez, “baina 15 urte egin nituen han lanean, beraz, ez zen gaizki joan”. Etxean, bestetik, frantsesez egiten dute, baina euskaraz nahiko ondo moldatzen da. “Euskaraz egiten badidate, euskaraz erantzuten saiatzen naiz, nahiz eta batzuetan hanka sartu”.

 

 

Impossible n´est pas français

Frantsesez ez dago ezinezkorik