Mariem, Atlantikoaren indarrarekin

Mariem, Atlantikoaren indarrarekin
2021/11/08 eta kitto!
Mariem Rabaten jaio zen, Marokoko hiriburuan. “Oso hiri handia da, errege-jauregia dago bertan, toki historiko asko ditu eta oso bizia da”, esan digunaren arabera. Ozeano Atlantikoaren kostaldean dago eta, olatuak indartsu iristen badira ere, Mariemek gustoko du hondartzara joatea. “Jendeari asko gustatzen zaio kostaldera joatea. Bero egiten duenean, ez bazara lehenengo orduan joaten, ez duzu tokirik aurkitzen”, diosku, “hori bai, jendea ez da bainua hartzera ausartzen”.

 

Ile-apaindegia eta liburu-denda

Txikitan, edozein umek bezala, jolastea besterik ez zuen buruan Mariemek. “Eskolara joan ondoren, etxeko atarian lagunekin jolasten nuen. Rabaten ez dago umeentzako parke askorik, baina hemengo umeen antzeko jolasak egiten genituen”, esan digunez. Izan ere, lagunartean egoteko orduan, ohikoa da baten edo bestearen etxean elkartzea. “Hemen jendea tabernetan elkartzen da gehiago”, alderatzen du. Ikasketei dagokionez, Mariemek bigarren hezkuntzara arte ikasi zuen eta lanean hasi zen ondoren. “Ikasten nuenean ere, udan lan egitea gustatzen zitzaidan. Gauzak saltzen ibiltzen nintzen”, diosku. “Gero, ikasketak amaitu ondoren, toki askotan egin nuen lan: erropa egiten, autobusetan tiketak saltzen (han, txoferraz gain, tiketak kobratzen dituen pertsona bat joaten da autobusetan)...”, gogoratzen du. Ondoren, ile-apainketa ikastaroa egin eta ile-apaindegia zabaldu zuen. Baina ez hori bakarrik, sasoi horretan liburu-denda bat ere zabaldu baitzuen. “Besteak beste, fotokopiak egiten genituen eta jende asko etortzen zen. Beste fotokopiagailu bat erosi behar izan nuen!”, diosku.

 

Ahizpa laguntzera

Mariemek negozio borobilak zituen martxan Rabaten, baina Eibarren bizi zen ahizparen dei batek bere bizitza aldatu zuen egun batetik bestera. “Ez nuen hona etortzeko asmorik, baina ahizparen senarra hil egin zen eta bi seme-alaba txikirekin bakarrik geratu zen. Orduan, hiru anai berarekin egoteko etorri ziren, baina berak nire beharra zuen eta laguntzera etorri nintzen”, azaldu digu. Harrezkero, anai-arreba gehiago etorri dira Eibarrera eta gurasoak bakarrik geratu ziren Rabaten. “Orain dela hiru urte aita hil egin zen eta ama bakarrik dago, baina Rabat da bere etxea eta ez du etorri nahi”, diosku.

 

Loibekin euskaraz

Bere bizimodua asko aldatu zen Eibarrera etorri zenean, baina Mariemek aktibo jarraitzen du beti. “Txikitan pertsona aktiboa izaten ikasi nuen eta, ondorioz, horrela jarraitzen dut”, aipatu digu. 2004an etorri zen Eibarrera eta oso ondo egokitu zen hemengo bizimodura. Harrezkero beti ibili da lanean, ikasten... Lehenik hizkuntza ikasi behar izan zuen eta, hasieran, euskaraz nahiko ondo moldatzen zen. “Loibek beti egiten zuten euskaraz eta eurekin ikasi nuen”, diosku. Orain, lan egiteaz gain, gaztelera hobetzeko klaseak jasotzen ditu EPAn.

 

Atzerritarra han eta hemen

Pandemia hasi zenetik ezin izan da gehiago Rabatera itzuli, baina Eibarren bizi denetik zenbait alditan joan da bisitan. Azken urteotan harritu egin da hiriak izan dituen aurrerapenekin eta gauza berriak deskubritzen ditu joaten den bakoitzean. “Zenbait gauzatan oso aurreratuta dago hango gizartea, hemen baino gehiago”, diosku. Berak gizarte eta kultura bien ezaugarriak batzen ditu bere baitan eta, oso aberasgarria bada ere, sentsazio arraroa sortzen dio. “Anai batek dioen bezala, eibartarrentzat atzerritarrak gara eta Rabatera joaten garenean gauza berdina”, aitortzen du. Dena dela, bera oso gustora dago Eibarren, hau da bere etxea. “Polita da jatorri ezberdineko jendez inguratuta bizitzea. Errespetua da garrantzitsuena”, diosku. Era berean, gogotsu joaten da Rabatera. “Baina bisitan bakarrik, ez dut uste hara bizitzera itzuliko naizenik”, aitortu digunez.