Punjab lehorretik, Euskal Herri berdera

Punjab lehorretik, Euskal Herri berdera
2023/03/09 eta kitto!
Pakistango lautadak utzi eta Euskal Herri menditsura etorri zen Mohammad Waris 2004an. Txikitatik egin izan du lan, familiaren beharren arabera, eta jaioterria utzi zuen etorkizun oparoago baten bila. Ondo bizi ahal izateko toki aproposa aurkitu du Eibarren eta Pakistanen bizi den amaren falta somatzen badu ere, hara joateko aukera izan du hainbat aldiz.

Zenbakidun herrikoa

Pakistan ekialdeko Punjab probintzian jaio zen Mohammad Waris, Gujrat hiritik hurbil dagoen herrixka batean, Chak Sikandar 30-en. Bai, herriaren izenak 30 zenbakia dauka. “Horrek esan nahi du Chak Sikandar deitzen diren beste herri batzuk daudela, eta gurea 30. da”. Oso toki laua da. “Eibartik ezin ditut Elgoibar edo Ermua ikusi, baina nire herritik hurbil dauden beste herriak ikusi daitezke”.

Behi artean

Hiru anai eta bi arrebarekin hazi zen, “baina anai bat hil egin zen”. Chak Sikandar 30-eko eskolara joan zen 6. mailara arte eta Kharianen, bere jaioterritik hurbil dagoen hirian, goi-mailako ikasketak egiteko aukera bazuen ere, laster utzi behar izan zuen eskola. “Ez nuen aukerarik eduki. Pobreak ginen eta aitari lanean lagundu behar nion”. Chak Sikander 30-en nekazaritza da nagusi eta garia landatzen da batez ere, baina Mohammad Warisen aitak behiak zituen eta eskola amaitu ondoren berarekin egin zuen lan. “Esnea saltzen genuen eta baita behiak ere”.

Greziako abentura

Behiekin lan egin eta gero eraikuntzan egin zuen lan, baina 2003an maleta egin eta Pakistan utzi zuen Greziara joateko, anai bat bertan bizi zelako. “Bidaia luzea izan zen. Pakistandik Iranera joan ginen, handik Turkiara, Ziprera eta gero Greziara. Hala ere, zortea eduki nuen, 12 egunetan egin nuelako bidaia, beste batzuek hilabeteak behar izaten dituzten bitartean”. Bizitza hobe baten bila joan zen Greziara, “dirua irabazi eta ahal den guztia etxera bidaltzeko”, eta ez zitzaion lanik falta izan. Zentzu horretan ondo, baina Greziako hainbat gauza ez zitzaizkion gustatu. “Hemen poliziari deitzen badiozu, berehala etortzen da; baina Grezian ez dizute jaramonik egiten, ez dago gobernurik”.

Azpeitiko lehengusuarengana

Grezian ia urte bi egin ondoren Pakistanera itzuli zen lau hilabeterako. Paperak konpondu eta berriz egin zuen alde. Kasu honetan, Azpeitira. “Nire lehengusua han bizi da eta lana edukiko nuela esan zidan”. Eraikuntza enpresa bat dauka bere lehengusuak eta berriz ere aldamiora igo zen Waris. Kontua da Eibarrera asko etortzen zela, “Matxariako poligonoan lanean egon ginelako”, eta Eibarren etxea alokatzeko aukera eduki zuenean gurera etorri zen bizitzera. “Eibar Azpeitia baino gehiago gustatzen zait, handiagoa delako eta denetarik dagoelako”. Azpeitian eta Eibarren pozik egon da Waris. “Errespetu handiz hartu naute Euskal Herrian, oso jende ona bizi da hemen”.

Eibarren cricketik ez

Emaztearekin eta sei seme-alabekin bizi da Eibarren. “Bi seme gazteenak hemen jaio ziren”. Krisiaren ondoren eraikuntzan lana aurkitzea zaila egin zitzaion eta, nahiz eta eraikuntzan lan egitea sukaldean egotea baino gehiago gustatzen zaion, gaur egun kebab jatetxea dauka Arragueta kalean. Hala ere, zehazten du kebaba ez dela Pakistango jakia, “Turkiarra da”. Warisek bestelako janariak jaten ditu eta Pakistango ohiturei eusten saiatzen da Eibarren egonda ere. Seme nagusiak errugbian egiten du, baina Warisi cricketa gustatzen zaio gehien. “Inguruko hainbat herritan, Azpeitia eta Bergaran adibidez, cricketean jokatu izan dugu, baina Eibarren ez dago tokirik”.