Robert Chamoso, adeitasuna barraren atzean

Robert Chamoso, adeitasuna barraren atzean
2023/07/24 eta kitto!
Caracasek 2 milioi biztanle ditu eta 3 milioi lagun bizi dira guztira barrutian. Azken hamarkadetan Venezuela etengabeko gatazka egoeran bizi izan den herrialdea bada ere, Robert Chamosok maitasunez gogoratzen du bere jaioterria. “Caracas asko gustatzen zait. Etxebizitza asko dago, zementua nonahi, baina edonon aurkitu ditzakezu toki berdeak, zuhaitzak, parkeak”, esan digu. Bera kanpoaldean bizi zen, “oso gustora”, eta nahiz eta delinkuentzia presente egon, inoiz ez zuen beldurrik izan. “Kalean libre sentitzen ginen. Gaztaro zoragarria izan nuen”, gogoratzen du. “Beti kalean, lagunekin... hango eta hemengo bizimoduak antzekoak dira”.

 

Pilota Venezuelan

Robertek Caracaseko (eta Venezuelako) toki gehienak ezagutzen ditu. Lagunekin han eta hemen jolasten zuen, eta beisbola aitzakia ederra izan zen batetik bestera ibiltzeko. “Venezuelan beisbola da kirolik gustokoena, baina foballak garrantzia handia hartu du azken urteotan”. Euskal Herriaren zerikusia zuela jakin barik, Robertek esku-pilotan jokatzen zuen gaztetan. “Gomazko pilota gogor batekin eskuz jolasten genuen, baina hemengo jokoarekin alderatuz, pilotarekin txapa azpian jo behar genuen”, dio pilotari venezuelarrak. “Hemen konturatu nintzen jatorri euskalduneko kirola zela”.

 

Jatorri galiziarra

Roberten gurasoak Venezuelara erbesteratu ziren galiziarrak dira, Ourensekoak. Venezuelan asko dira jatorri euskalduna, kanariarra edo galiziarra dutenak, eta komunitateak sortzen dira. Hala ere, Robertek dio gurasoek, nahiz eta jakin, ez ziotela galegoz berba egiten. “Francoren sasoian galiziarrez egitea debekatuta zegoenez, beldur hori zeukaten eta ez zuten galegoz egiten. Ezkutuan akaso”. Dena dela, Robertek izango zuen galegoa ikasteko aukera. Gurasoek eta anai-arrebek Venezuela laga eta Galiziara joan ziren bizitzera, bera Venezuelan geratu zelarik, baina 1998an bizitza aldatuko zion deia jaso zuen. “Anaiak deitu zidan aita oso gaixorik zegoela esanez, eta Galiziara joan nintzen bizitzera”. Han, behingoz, galegoa ikasi zuen.

 

Eibar, Caracas txikia

Emaztearekin eta seme-alabekin Galizian hainbat urte egin zituen Robertek, baina dibortziatu ondoren emazte ohia eta haurrak Venezuelara itzuli ziren. “Sasoi gogorra izan zen”, gogoratzen du Robertek. Gainera, lan barik geratu zen eta, anaia Eibarren bizi zenez, hona etortzea erabaki zuen. “Eibarren anaia bisitatzen egonda negoen eta ondo egokitu nintzen hemengo bizimodura. Eibar Caracas txiki bat da”, bere ustez. Bizitzan zehar Robertek hainbat ikasketa egin ditu eta, goi-mailako formakuntza izan arren, edozein lan egiteko gai da behar izanez gero. Hainbat urtetan informatikaren munduan lan egin ondoren, Buenos Aires tabernan edalontziak jasotzen ibili zen eta gero zerbitzari lanetan Kalton tabernan. Orain Ipuruako Txirula taberna zabaldu du, aro berri bat hasiz. Pintxoak, errazioak eta giro atsegina aurkitu daiteke Argatxako jardinetako txoko honetan.

 

Alabak eta ilobak bisitatzen

Galiziar jatorria izan arren, bere izaera oso venezuelarra dela dio Robertek. “Baina hainbeste urte kanpoan egon ondoren, azentua galdu dut”, dio atsekabez. Hala ere, bere hizkeran Venezuelako zaporea antzematen da oraindik, aberria ezin delako atzean laga. 21 urte Venezuela zapaldu barik egon ondoren, iaz bere jaioterrira bueltatu ahal izan zen eta, hamar urte eta gero alabak berriz ikusteaz gain, ilobak ezagutzeko aukera izan zuen. “Demasa izan zen eurak aireportuan ikustea eta sei ilobek ‘abuelo’ esatea”, dio emozio handiz, “ezin dut berbekin azaldu”. Gogorra da hainbeste maite duzun pertsonengandik urrun egotea, baina Robertek animoz egiten du aurrera. Semea, behintzat, Galizian bizi da eta gehiagotan ikusteko aukera du, eta ama anaiarekin bizi da Eibarren. “Orain alabak etortzea nahiko nuke, ea COVID-19ak uzten digun”, dio itxaropentsu. Bitartean, Jose Manzo Perroni musikari venezuelarrak sortutako ‘Moliendo cafe’ abestiaren doinuak entzuten dira Txirulan.