Sahara beti bihotzean

Sahara beti bihotzean
ETA KITTO 2020, Urr 02

Ahmed Check Brahim Tindufen (Aljeria) jaio zen 1988an, sahararren errefuxiatu esparruetan, Maroko eta Fronte Polisarioaren arteko gerra erdian. Marokok Sahara okupatu ondoren hasi zen gatazka armatua eta saharar askok bere jaioterria utzi behar izan zuten eta Tindufen behin-behineko esparruak eraikitzen hasi ziren. Behin behineko kanpamenduak, ordea, iraunkorrak bihurtu dira poliki-poliki, herri bilakatuz. Han bizi da oraindik Ahmeden familia gehiena.

 

Anaitasuna eta komunitatea

Ahmedek errefuxiatu zelai baten egin zituen bere bizitzako lehen zortzi urteak, “baina ez nuke ezer aldatuko”, dio seguru. Bere aitak, kanpamenduetako gizon askok bezala, gatazka armatuan parte hartu zuen eta joan-etorrian ibili zen. “Beraz, kanpamenduak emakumeek sortu zituzten eta igartzen da, oso ondo eginda daudelako”, bere iritziz. “Emakumeek indar handia dute Saharako gizartean”. Beharrak zituzten, noski, “egunean behin bakarrik jaten genuen”, baina ume baten ikuspegitik alaitasunez bizi da ia momentu oro. “Demaseko anaitasun eta komunitate sentimendua zegoen, haimak edozeinentzat zabalik zeuden eta den-denak anai-arrebak ziren niretzat”, oroitzen du.

 

Haimetatik etxebizitza blokeetara

Ahmedek 1996ko uda Valentziako familia batekin pasatzeko aukera izan zuen oraindik martxan jarraitzen duen ‘Oporrak Bakean’ programarekin. Elkar maitemindu ziren eta, Ahmeden gurasoekin adostasun batera iritsi ondoren, valentziarrek etxean hartu zuten. “Urtebetera Tindufera itzuli ahal izango nintzela uste nuen, baina lau urte egon nintzen gurasoak ikusi barik”, gogoratzen du. Bere bizitza osoan haimak, lurra eta harea besterik ez zituen ikusi, lehen telebista bera joan zenean sartu zelako kanpamenduetan. “Valentziara heldu nintzenean denak harritzen ninduen. Orduak egon ninteke komuneko kateari tiraka. Nahi nuenean ura irteten zen!”, dio barrez. Azkar ikasi zuen gazteleraz egiten eta Valentziako familiak demaseko maitasuna eman zion. Bi familia ditu geroztik.

 

Bi tokitakoa

Ahmedek bihotzean darama bere jatorria, baina ezin du ukatu Valentzian egin dela gizon. “Bi tokietakoa naiz”, dio harro, alde batetik eta bestetik jasotakoarekin osatu duelako bere izaera eta pertsona. Hasieran zaila egiten zitzaion Saharako familiarekin berba egitea (“Tindufera joan behar ziren telefonoz berba egin ahal izateko”) eta hassanieraz egiteko erraztasuna galdu zuela dio, baina nahiz eta kilometro askotara egon, beti sentitu da bere jatorritik gertu. Oraindik ere hainbat ohiturari eusten dio. “Adibidez, lagun sahararrekin elkartzen naizenean tea hartzen dugu. Giro berezia sortzen da, gai ezberdinen inguruan hausnartzeko balio izaten digu eta erritual bat jarraitzen dugu, hiru baso edan behar direlako. Lehena mingotsa da, bizitza bezala; bigarrena gozoa, maitasuna bezala; eta azken leuna, heriotza bezala”, azaldu digu.

 

Ingeniaria Eibarren

Ingeniaritza ikasketak egin zituen Valentziako UPVn, baina zerbait falta zitzaiola uste zuen. Beraz, Euskal Herriko tradizio industrialaren jakitun eta bere anai-arreba bi hemen bizi direnez, Bilbon masterra ikastea erabaki zuen. Teknikerren egin zuen master amaierako lana eta bi urte daramatza bertan lanean eta Eibarren bizitzen. Gustora izan da hemen, nahiz eta aitortzen duen kuadrillen hermetismoak zaildu egiten duela jende gehiago ezagutzea, eta hilabete barru Bilbora joango da bizitzera. “Dena dela, egunero etorriko naiz Eibarrera lanera”, dio.

 

Elkartasun sentimendua

Euskal Herrian elkartasun sentimendu estua dago herrialde sahararrarekiko, “baita Espainiako gizartean ere orokorrean, nahiz eta estatuak Sahara alboratu duen”, Ahmeden ustez. Bere jaioterria utzi duten beste hainbat sahararrek bezala, bere herriari laguntzeko ekintzetan parte hartzen du Ahmedek. Bere iritziz David eta Goliaten arteko borroka bezala da, baina Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren alde egiten jarraituko dute.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »