Yadira Molina, Eibarren bere saltsan

Yadira Molina, Eibarren bere saltsan
ETA KITTO 2019, Urr 14

Zaila izan behar da maleta egin, etxea utzi, 8.000 kilometro baino gehiago egin eta kultura, ohitura eta bizimodu ezberdina duen herrialde batera bizitzera joatea. Yadira Molina, ordea, bikain egokitu zen bizitoki berrira, Eibarrera. “Herri lasaia da, dena eskura dago, menditsua da… nire jaioterria bezala”. Hasieratik sentitu da beste eibartar bat gehiago eta horrela izaten jarraitzeko asmoa du.

 

Caucako Haranean hazten

Kolonbian jaio zen Yadira, Calitik gertu dagoen Yumbo izeneko herrian, San Marcos ‘korregimientoan’. Caucako Haranean dago, gune menditsuan, eta bero egiten du urte osoan. Giro horretan, eskolatik irtetean kalean pasatzen zituen orduak lagunekin. “Gurasoek lan egiten zuten eta amama eta aitxitxak zaintzen ninduten eurak iritsi arte”, gogoratzen du. Beraz, familia-giro politean hazi zen bi anai-arrebekin batera.

 

Narkoen opariak

Umea zenean, 80. hamarkada amaieran eta 90. hamarkada hasieran, giro nahasia bizi zen Kolonbian. Droga kartel handien sasoia zen eta biolentzia jabetu zen herrialdeaz. Ume baten begiekin, ordea, gauzak beste modu batean ikusten ziren. “Gu ez ginen gertatzen zenaz ohartzen. Gainera, nire inguruko inor ez zegoen mundu horretan sartuta eta lasai bizi ginen”. Umeen xalotasunak ere laguntzen zuen. “Gabonetan narkoek opariak banatzen zituzten kalean eta guk poz-pozik hartzen genituen. Agian gurasoei ez zien hainbeste graziarik egiten. Orain, atzera begiratuz gero, zegoen arriskuaz ohartzen gara”.

 

Dantza egiteko gogoz

Maitasunak ekarri zuen Yadira Eibarrera orain dela 13 urte. “Ez nekien Eibar zer zen ere, baina lehen momentutik asko gustatu zitzaidan”. Bera ere harritu zen hain ondo egokitu zelako. “Kolonbian bizi nintzenean pentsatzen nuen beti han biziko nintzela, gurasoei oso lotuta negoen”. Familia faltan botatzen du, noski, baina hainbat alditan itzultzeko aukera izan du eta ama hiru hilabetez egon berri da Eibarren. “Asko gustatzen zaio Euskal Herria”. Horrez gain, faltan botatzen duen beste gauza bat dantza da. Cali saltsaren hiriburua izanik, hango erritmoak dantzatzeko aukera gehiago edukitzea gustatuko litzaioke. “Hemen ez duzue saltsa dantzatzen, mugitu egiten zarete”, dio barrez.

 

Eibarko bizi-kalitatea

Kolonbiako gaur egungo egoera “beldurgarria” dela uste du Yadirak. “Biolentzia, matxismoa… gauzak beste modu batean ikusten dira hemendik”. Eibarko bizi-kalitatea asko baloratzen du, Kolonbiakoarekin alderatuz. “Hemen lan egiteko aukera gehiago dago eta horrek bizitza baldintzatzen du: lasaiago eta erosoago bizi zara, dirua edukitzeak aisialdirako aukerak ematen dizkizu… Kolonbian bizirauteko egiten dugu lan”. Gauzak horrela eta bizitzaren herena Eibarren pasa ondoren, erroak bota ditu eta etorkizuna hemen marraztu nahi du.

 

Euskera ikasteko erabakia

Erizain-laguntzaile ikasketak egin ditu eta, horrez gain, garbiketa-lanak egiten ditu. “Zaharrekin lan egin dudanean euskera jakiteak duen garrantziaz konturatu naiz, ez nielako ulertzen, eta euskera ikastea erabaki dut”. Hainbeste urte Eibarren pasa ondoren badakizki euskerazko berba batzuk, “baina zerotik hasi behar naiz”. Gainera, lagunen artean ere hizkuntza jakiteko behar hori ikusi du. “Seme-alabak dituztenek euskera jakin behar dute, umeek euskera erabiltzen dutelako”.

 

 

Le fue más mal que a perro en misa

Norbaiti gauzak gaizki irteten zaizkionean erabiltzen da. Meza dagoenean txakur bat elizan sartuz gero, ostikoka ateratzen dutelako.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »