Zapore dominikarreko venezuelarra

Zapore dominikarreko venezuelarra
2023/09/28 12:08
eta kitto!
Gurasoak dominikarrak, baina jaio eta bizi Venezuelan, harik eta Eibarrera, Galiziako Etxera, etorri arte. Hori da Marlene Rosario, ‘Marlen’ hemengo lagunentzat. “Nire izenaren azken e hizkia esan egiten da, baina uste dut hemengo jendeari errazagoa egiten zaiola ‘Marlen’ esatea, Marlene Mourreau edo Marlene Dietrichekin lotzen dutelako izena. Egia esan niri ez dit ardura ‘Marlen’ esatea”. Bide batez, bere familia eta lagunak agurtu nahi ditu eta muxu handi bat bidaltzen dio Alex S. bere kuttunari.

 

Giro dominikarra Caracasen

Marlenen gurasoak etorkizun hobe baten bila joan ziren Venezuelara, bakoitza bere aldetik. Han ezagutu zuten elkar eta gero Marlene eta bere bost anai-arrebak jaio ziren. Giro dominikarrean hazi ziren Caracasen, “nire aita nahiko kontserbadorea da eta ez zitzaion gustatzen besteekin erlazionatzea”, baina gustatzen zaio bere jaioterria, Venezuela. “Parke natural asko dago, flora eta fauna anitza, eta hondartza zoragarriak. Gainera, eguraldi aparta egiten du”.

Familiarengatik, edozer

Marlene hazten joan zen neurrian Venezuelako egoera aldatzen joan zen, “delinkuentzia hazi zen”, eta familiaren bizitza aldatuko zuen erabakia hartu zuen aitak. “Eibarrera etorri behar nuela erabaki zuen, izeba baten etxera, hemen bizitza hobea aurkitzeko”. Baliabide material eta finantza kudeaketaren unibertsitate karrera egiten zebilen Marlene une hartan eta amaitzeko urte eta erdi falta zitzaionean utzi egin behar izan zuen. “Gogorra izan zen, negar asko egin nuen, baina nire aitak esandakoa egin behar izan nuen”. Orain, ordea, harro dago hemen lortu duenarekin. “Nire familia ekarri ahal izan dut eta edozein ospakizun edo egun seinalatu eurekin batera ospatzeko aukera izatea zoragarria da. Ez dago gauza ederragorik”.

Inpresio ona Eibarrek

Marlenek ez zuen harrera beroena eduki hemen. “Otsaila zen eta demaseko hotza egiten zuen. Baina jende oso irekiarekin egin nuen topo eta horrek asko lagundu zidan”. Caracas eta Eibar diferenteak dira, “hemen garraio publikoaren ordutegiak bete egiten dira, adibidez”, eta hainbat gauzak harrituta utzi zuten. “Batetik, emakumeek emakumeekin egiten zutela dantza, han gizon eta emakumeak ibiltzen direlako dantzan bikoteka; eta bestetik, zapatuan kalean aterki bat utziz gero, datorren astean berriz aurkitu dezakezula”. Lehen inpresioa ona izan zela dio.

Galiziako Etxea, bigarren etxea

Lan eta lan egin du gurera iritsi zenetik, baina familia antzeko bat aurkitu du lanean ere. “12 urte daramatzat Galiziako Etxean lanean eta oso gustora nago”. Galizarrak izan edo ez, tabernaren ateak zabalik daudela aipatzen digu, eta gastronomia aldetik oso produktu onak aurkitu daitezkeela bertan. “Gainera, musika eta dantza kontuak ere lantzen dituzte hemen eta gustatzen zaizkit”.

Euskaldunok badakigu dantzan egiten

Caracaseko saltsa eta Dominikar Errepublikako merenge eta bachata odolean daramatza, baina lantzean behin izaten du dantza egiteko aukera hemen, “eta ez bakarrik Latinoamerikatik etorritako jendearekin, baita euskaldunekin ere”. Gainera, mitoak apurtzen ditu. “Musika sentitu eta erritmoa ondo eramaten baduzu, berdin da mila pausu edo bi ematea. Euskaldunek ondo egiten dute dantza, baina aldakak soltatu behar dituzte, nahiko tenteak dira”.

 

 

 

“A palabras necias, oídos sordos”

Norbaitek zuri min egiteko ezagutzen ez duen zerbaiti buruz hitz egiten badu edo kritika hondagarriak egiten baditu, ez zaio kasurik egin behar