15 proiektu finalista daude Toribio Echevarria Sarien 32. edizioan lehian

15 proiektu finalista daude Toribio Echevarria Sarien 32. edizioan lehian
2022/07/19 eta kitto!
Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak bultzatutako Toribio Echevarria Sarien 32. edizioan 32 startupek eta enpresa-proiektuk hartu dute parte eta horien artean, deialdi honetako irabazle izatea asmo duten hamabost proiektu finalista aukeratu ditu epaimahaiak. Toribio Echevarria Sarien 32. edizioaren banaketa ekitaldia bihar izango da, 11:00etan Tekniker eraikinean. Hala, Covid-19ak markatutako azken bi urteen ondoren, ohiko formatua berreskuratu da.

Ekitaldian Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Jon Iraola Eibarko alkatea eta Estibaliz Hernáez Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea egongo dira.

Ekitaldian zehar, Multiverse Computing enpresaren sortzaile Enrique Lizasok eta Roman Orusek kontatuko dute Gipuzkoan konputazio kuantikoko startup bat sortzen izandako esperientzia. Ekitaldi honetan, halaber, omenaldia egingo zaio Alex Bengoa Teknikerreko zuzendari nagusi ohiari.

Toribio Echevarria Sariak bi kategoria nagusitan deitzen dira: “Enpresako-ideiak/proiektuak” eta “Enpresa berria”. Horietako bakoitzak 10.500 euroko zuzkidura ekonomikoa du, eta laguntza, finantzaketa, aholkularitza, mentoring eta prestakuntzako programetan sartzeko aukera. Halaber, nazioartekotze-prozesuan laguntza behar duten enpresa-ekimenei zuzendutako sari bat dago, baita Eibarko Udalak emandako aparteko beste bi sari ere.

Ekintzailetzan eta enpresa-garapenean esperientzia handia duten pertsonek osatutako epaimahai batek aukeratu ditu proiektu finalistak. Foodtech-en, osasunaren, biozientzien, kirolaren, material berrien eta mugikortasunaren esparruan sartzen da haien jarduera.

 ‘Enpresa-ideiak/proiektuak’ kategoriako finalistak

Aotech. Hurbileko infragorriaren espektroskopian oinarritutako soluzioak garatzea, elikagaien produkzioa online eta denbora errealean karakterizatzeko.

Ventipet. Erradiofluoratutako gasetan oinarritutako soluzioa, biriketako aireztapen-funtzioa karakterizatzeko.

Zelula Biopharma. CAR-Tn oinarritutako terapia zelularrak garatzea.

Auziker. Txakur-unitateen entrenamendurako beita berriak garatzea eta merkaturatzea, lehergaiak detektatzeko.

Cycling Dinamic Trainer. Bizikletaren benetako mugimenduak simulatzen dituen indoor ziklismoko arrabola.

Cultzyme. FoodTech sektorera bideratutako bioerreaktoreak, zehazki doitasun-hartzidurara eta zelula-hazkuntzara bideratutakoak.

Nanokide Therapeutics. Gibeleko minbizi metastasikoari aurre egiteko prototipo terapeutikoak garatzea eta merkaturatzea

‘Enpresa berria’ kategoriako finalistak

Wellk. Jarduera fisikoa sustatzera bideratutako sportech produktu/plataforma digital berriak diseinatzea, garatzea eta kudeatzea.

Robtrusion. Beira-zuntzezko konpositeen profil kurbatuak fabrikatzea pultrusio robotizatuko teknologiaren bidez.

Cimico. Hondakin-urak tratatzeko teknologia biologiko berritzaileak garatzea, merkaturatzea eta aholkularitza.

Kimubil. Patinete elektrikoa diseinatzea, garatzea eta fabrikatzea industria- eta hiri-erabilerarako.

Proteinmat. Ehunen ingeniaritzara bideratutako biotintak diseinatzea eta fabrikatzea.

Cabala. Ikerketa biomedikora bideratutako plataforma konputazional aurreratua.

Moov Drives Technology. Ibilgailu elektriko arin bakoitzaren beharretara egokitutako eta optimizatutako trakzio elektrikoko sistemak diseinatzea eta fabrikatzea.

Trak. Adimen Artifizialaz lagundutako telerrehabilitazioko soluzioa.

Aparteko sariak

Toribio Echevarria sarien aurreko edizioetan bezala, Eibarko Udalak aparteko bi sari emango ditu, “Eibarko enpresa” eta “Espezializazio estrategikoa” izenekoak, herrian berrikuntza eta ekintzailetza teknologikoaren aldeko apustua indartzeko.

“Eibarko enpresa” saria beste bi kategorietako batean aurkeztutako hautagaitzetako bati emango zaio, baldin eta, epaimahaiaren iritziz, kalitate eta berrikuntza handia eskaintzen badu eta merkatuari balio-proposamen bat badakarkio, baita inbertitzeko eta enplegua sortzeko potentziala ere. “Espezializazio estrategikoa” sariaren kasuan, kirolaren esparruko proiektuak lehenetsiko dira, baina kontuan hartuko dira, halaber, udalak babestutako espezializazio estrategikoko beste arlo batzuk, hala nola energia eta manufaktura aurreratua, bereziki, mikrodoitasuneko mekanika eta robotika.