Abiatu berri duten Gipuzkoako Azoken Sarean parte hartuko du Eibarrek

Abiatu berri duten Gipuzkoako Azoken Sarean parte hartuko du Eibarrek
2021/01/29 eta kitto!
Gipuzkoako Azoken Sarea egitasmoa jarri du martxan Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzarekin, Landa Garapen Elkarteekin eta Elika Fundazioarekin elkarlanean. Azaldu dutenez, “helburua Gipuzkoako herrietako azokak aztertu, indartu eta hauen etorkizuna bermatzea da. Prozesu honen bitartez, azoka bakoitzaren etorkizunerako erronkak eta ekintza plana adostuko dira eta, guztien artean, Gipuzkoa osorako ikuspegi orokor bat landuko da”.

Proiektu hau gauzatzeko hiru enpresa aholkulari kontratatu dira, Elhuyar, Eurogap eta Ikertalde. Eta ekimenaren lehen fasean 16 udalerrik hartuko dute parte: Azkoitia, Azpeitia, Arrasate, Beasain Bergara, Donostia, Deba, Eibar, Errenteria, Hondarribia, Legazpi, Oñati, Ordizia, Tolosa, Zarautz eta Zumarraga. Aurrera begira, helburua egitasmoa Gipuzkoa osora eta baita autonomia erkidego osora ere zabaltzea da.

Egitasmoaren arduradunen berbetan, “Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bizkaia eta Arabako Foru Aldundiek, bitarteko eragileekin batera (Landa Garapeneko Elkarteak eta Elika Fundazioa) urteak daramatzate hurbileko nekazaritza eta merkaturatze-zirkuitu laburren alde lanean, bide berriak aztertuz ekoizleek etekin ekonomiko handiagoa izan dezaten eta egitasmo hau, bide berean, azokei bultzada bat emateko sortu da”.

Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak nabarmendu duenez, “une egokia da ekimena martxan jartzeko, Europatik ekoizleen alde datorren joera dela eta”. Xabier Arruti, Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendariak, bestalde, egitasmo honetan Gipuzkoa aitzindaria izango dela azpimarratu du: “Gipuzkoako Foru Aldundian gure produktuei balio erantsi handiagoa emateko lanean ari gara, horiek eraldatuz eta berrituz, eta tokiko produktuen eta hurbileko salmentaren garrantzia nabarmenduz”.