Argiak piztearekin batera hasi da Udalak eta Eibar Merkataritza Gune Irekiak sustatutako Gabonetako kanpaina

0    Ekonomia 
ETA KITTO ETA KITTO
Argiak piztearekin batera hasi da Udalak eta Eibar Merkataritza Gune Irekiak sustatutako Gabonetako kanpaina
ETA KITTO 2022, Aza 29

Eibarko Udalak eta Eibar Merkataritza Gune Irekiak (EMGI) sustatutako Gabonetako kanpainak edizio berri bat jarri du abian gaur, argiak piztearekin batera. Udal ordezkariek, EMGI, Eibarko Dendari Elkarteko eta Ostalarien Elkarteko ordezkariekin batera, Errebal Plazan dagoen arbolaren inguruan ekin diote herriko merkataritza eta ostalaritza bultzatzeko asmoz antolatu duten Gabonetako programari.

Aurtengo Gabonetako kanpainak 120.000 eurotik gorako aurrekontua du eta gaur arratsaldean egindako prentsaurrekoan aurkeztu dute, Errebalgo ekitaldiaren aurretik. Kanpainaren hasiera ekitaldian, argiak pizteaz gain, haurrentzako txokolate-jana, DJ baten emanaldia, gaztelu puzgarria eta txikienentzako makillaje tailerra egin dute. Gaurko festa Eusko Jaurlaritzako Turismo, Kontsumo eta Merkataritza Sailak finantzatu du.

Azken bi urteotako murrizketak atzean lagata, aurten berriz ere ohiko jarduerak egingo dira: besteak beste, Gabonetako argiztapena, Astelena pilotalekuko txikiparka, Errebal Plazan ipiniko den izotz-pista eta barrakak egongo direla aurreratu dute.

Aurkezpenean nabarmendu dutenez, horiek guztiak antolatzeko ahalegin berezia egin dute, baina urteko sasoi honek garrantzi berezia dauka eta, antolatutako jarduerei esker, herrian egindako salmentak hobetzea espero dute. Horrekin batera, herritarrak Eibarren erostera animatzeko deia egin dute eta, asmo horrekin, Eibarren erosteagatik abantailak eskainiko dituzte.

Aurreratu dutenez, “Eibar Oparitu” txartela jarriko dute martxan: txartel horri esker, kanpainarekin bat egiten duten establezimenduetan erosi ahal izango da, sustapen bereziekin. Txartel hori Eibarko enpresen artean sustatu dute, Gabonetan langileei opari gisa emateko, eta ekimenak oso harrera ona izan du. Herritarren eskura ere jarriko dute, abenduaren 12tik 16ra bitarteko astean, www.erosieibarren.eus web orriaren bitartez, promozio bereziekin.

Eta, era berean, berritasun gisa “Establezimenduen Gabonetako dekorazioa” izeneko kanpaina jarriko da abian. Horrela, Gabonetarako apaingarri bat emango diete interesa duten denda eta tabernei, beraien lokalak apaintzeko (dekorazio elementua nahi duten guztientzat eskuragarri egongo da, EMGI-ko kide izan ala ez).

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »