Eibarko EH Bildu: “Murrategirako 3 milioi euroak EH Bilduk lortu zituen 2022ko Estatuko Aurrekontu Orokorren negoziazioan”

Koalizio subiranistak dio diru-partida haren kudeaketa lau urtez atzeratu dela, eta hemendik aurrera auzokideekin batera birgaitze integrala lantzearen alde agertu da.
Eibarko EH Bildu: “Murrategirako 3 milioi euroak EH Bilduk lortu zituen 2022ko Estatuko Aurrekontu Orokorren negoziazioan”
2026/07/16 11:27
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko EH Bilduk pozik hartu du Etxebizitza eta Hiri Agendaren Ministerioak Murrategi auzoa biziberritzeko 3 milioi euro bideratzeko erabakia, "behingoz" auzoko bizi-kalitatea hobetzeko hain beharrezkoak diren baliabideak izango dituelako.

Aste honetan Etxebizitza eta Hiri Agendaren Ministerioak Murrategi auzoa biziberritzeko 3 milioi euro bideratzea onartu du. Albistea pozez hartu badu ere, alderdi subiranistak gogorarazi du auzora bideratuko den diru-partida EH Bilduk lortu zuela 2022ko Estatuko Aurrekontu Orokorren negoziazioan. “EH Bilduren lanari eta negoziatzeko gaitasunari esker geratu zen bermatuta diru-partida hori auzoarentzat”, adierazi du.

Koalizioaren esanetan, ordutik aurrera baliabide horiek kudeatzeko eta jarduera zehatz bihurtzeko ardura PSOEk gobernatutako erakundeei egokitu zaie, bai Espainiako Gobernuari, bai Eibarko Udalari. “Lau urte igaro behar izan dira, azkenean, diru hori Murrategiren zerbitzura jarri ahal izateko”, nabarmendu du.

Modu berean, EH Bilduk salatu du kudeaketa hori “askoz lehenago” egin behar zela, eta gogorarazi du auzoko bizilagunak 2022tik daudela inbertsio horren zain. Ekainaren hasieran elkartu ziren ...eta kitto!-ko kazetariak auzotarrekin eta adierazi ziguten “nazkatuta eta abandonatuta” sentitzen direla. 

Behin diru-partida onartuta, aurrera begiratzeko garaia dela adierazi du alderdiak, eta auzokideekin elkarlanean aritzeko beharra azpimarratu du. “Auzokideen eskutik lan egiteko unea da, haien beharrak entzun eta Murrategiren erronkei erantzungo dien eta auzo irisgarriagoa, bizigarriagoa eta zerbitzu hobeagokoa bermatuko duen birgaitze integraleko proiektu bat elkarrekin eraikitzeko unea da. Ahaztu gabe badugula jarraitu beharreko Biziberritze Integraleko Plan Berezia, gaur egungo beharretara egokitu beharrekoa, baina ibilbidea dagoeneko markatuta dago”, adierazi du.

Azkenik, EH Bilduk adierazi du herrian zein auzoz auzo herritarren interesak defendatzen jarraituko duela, eta negoziatzeko aukera duenean herritarren bizi-kalitatea hobetuko duten baliabideak eta inbertsioak lortzeko konpromisoa berretsi du. Era berean, administrazio arduradunei baliabide horiek “arduraz, eraginkortasunez eta hainbeste atzerapenik gabe” kudeatzeko eskatu die.