Azaroaren 17an eta 18an egingo den Eibar Business Market foroaren laugarren edizioa aurkeztu dute

0    Ekonomia 
ETA KITTO ETA KITTO
Azaroaren 17an eta 18an egingo den Eibar Business Market foroaren laugarren edizioa aurkeztu dute
ETA KITTO 2022, Aza 03

Ekintzaileak, enpresak, startupak eta inbertsoreak bilduko dituen Business Market foroaren laugarren edizioa hartuko du Eibarrek azaroaren 17an eta 18an. Teknikerreko instalazioetan egingo da ekimena, Eibar eta Debabarreneko enpresa-sarea eta ekintzailetza bultzatzeko asmoz.

Eibarko Udalaren Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailak antolatzen duen foroaren hirugarren edizioa 2019an egin zen, hurrengo bi urteetan ezin izan baitzen antolatu pandemiaren murrizketen ondorioz. Gaur egin duten arkezpenean esan dutenez, “orain arte egin diren hiru edizioak oso arrakastatsuak izan dira”.

Laugarren edizio honetan, nazio mailako eta nazioarteko erreferenteek hartuko dute parte inbertsioaren, ekintzailetzaren garapen eta berrikuntzaren arloan: “Hogei enpresa inguruk ordezkatuko dute inbertsio-ekosistema, besteak beste, Easo Ventures, Cupido Capital, Innventtur, Bstartup, Zubilabs Venture Capital, Della Capital, Big Ban Inversores Privados, Finnova, Wedid, Caixa Bank Capital One, European Ventures edo Red de Inversores Crecer+ Deusto. Bertaratutako inbertsoreen sarearen profila, hazi-fasetik B seriera bitarteko proiektuen inbertsio-aukeretan egituratuko da”.

Ekitaldiaren lehen egunean, negozio-erronda eta pitch-aurkezpenez gain, egungo egoera eta erronka globalei eta horiek lurraldean duten eraginari buruz hausnartzeko tartea egongo da, euskal erakunde eta pertsona erreferenteen eskutik, baita tokiko eta eskualdeko garapen ekintzailearen aukerak ezagutzeko ere, Sportek Hub, BPTD, Tekniker eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. Gainera, goiz horretan zehar, denbora-tarte bat egongo da tokiko eta eskualdeko ekimenak garatzeko finantzaketa-iturrietan eta baliabideetan sakontzeko, Ekingune tokiko elkartearekin, Debegesa eskualdeko agentziarekin, BIC Gipuzkoa, SPRI, Adegi eta Eibarko Udalarekin. Bestalde, pitch-aurkezpenei ekin aurretik, Attend2 eta Bioekintek-eko CEOek, beraien ekintzailetza- eta eskalagarritasun-prozesua partekatuko dute.

Bigarren egunean, lehen aldiz, espazio bat egongo da sortzen ari diren teknologiek eskaintzen dituzten aukerak ezagutzeko: besteak beste, blockchain-garapena eta 4.0 industria. Horretarako, hainbat enpresa izango dira bertan, hala nola Quidtech tokiko enpresa, eta nazioartean aitorpena duten entitateak, besteak beste, Oracle, Alastria (Blockchain eta teknologia deszentralizatuen elkarte nazionala) eta Odiseia (Adimen artifizialaren nazioarteko behatokia). Era berean, egun horretan bertaratutakoek Andorra eta Mataró-Maresmeko esperientziak ezagutu ahal izango dituzte, non berrikuntza eta garapen ekintzaileko ekosistema arrakastatsuak eraiki dituzten.

Bestalde, talentua atxikitzeko eta erakartzeko estrategiei buruzko gogoetak ere aztertuko dira ekitaldian, Cuencako Urban Forest Innovation Lab, Big Ban Inversores eta Gipuzkoa Talent programa eta ekimenen bidez.

Foro honetan interesa duten enpresen edo pertsonen parte hartzea doakoa da, baina izena eman beharko da Eibar Business Marketen IV. edizioaren webgune ofizialean (www.eibarbusinessmarket.org).  Pitch-aurkezpenei eta negozio-errondei begira izena emateko epea azaroaren 9an amaituko da eta, gainerakoen kasuan, azaroaren 14ra arte luzatuko da. Ekitaldia streaming bidez ere jarraitu ahal izango da, Udaleko Youtube-ko kanalaren bitartez.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »