BALEA proiektua Jone Bengoa eta Aitor Fernandez diseinatzaileen eskutik

0    Ekonomia 
ETA KITTO
BALEA proiektua Jone Bengoa eta Aitor Fernandez diseinatzaileen eskutik
ETA KITTO 2021, Mai 17

Vending-inguruetan hondakinik ez sortzeko helburuarekin sortu dute BALEA proiektua Jone Bengoa eta Aitor Fernandez diseinatzaileek. Beste askoren artean, Urkotronik enpresa eibartarra izan da bidelagun bi gazte hauek sortutako proposamenean. Hondakinak gutxitzea eta ingurumena babestea dira, besteak beste, BALEAren oinarria eta ardatza. ai!ene design enpresaren sortzaileak dira Jone eta Aitor diseinuan adituak.

Zertan datza BALEA proiektua?

Kafe-makinetako eta horrelakoetako erabilera bakarreko hondakinak ekiditeko xedearekin hasi genuen bidea. Urkotronikek era horretako makinak sortzen dituenez, bertara jo genuen gure proposamena aurkeztera. Gogotsu jaso zuten aurkeztutakoa eta, Foru Aldundiari dirulaguntza eskatu ondoren, lanari ekin genion. Labur eta garbi esanda, norberaren katilu propioa garbitzen duen eta ur botilak betetzen dituen produktua sortu dugu.

BALEA_Studio

Zein testuingurutan kokatzen da zuen proposamena?

Kafea eta edari beroak dira vending makinen produktu nagusietakoak, batez ere lantokietan. Arazoa erabilera da; izan ere, urtean batez beste 52 milioi edalontzi kontsumitzen dira Euskal Autonomia Erkidegoan eta 1.144 milioi Espainiako lurraldean. Kopuru handia, zalantzarik gabe, 10 minutu baino gutxiagoko balio-bizitza dutela aintzat hartuta. Bestalde, datu kezkagarri batek agerian uzten du birziklagarriaren %30 baino ez dela birziklatzen Europa osoan, zabortegietan lekua okupatzeko arazoarekin. Birziklatzearen prozesuak baliabide eta energia ugari kontsumitzen ditu, karbono-aztarna bat atzean utzita. Hori horrela, horren ordez, funtsezko bi ekintza egin behar dira: murriztea eta berrerabiltzea.

Zein da proiektuaren xedea?

Helburu behinekoena erabiltzaileari jasangarria izateko bidea erraztea da, hau da, modu erraz batean hondakinak murriztea.

Noiz eta nola sortu zen ideia?

Gure enpresa orain Ermuan daukagun arren, lehenago Arrasateko Garaiako Parke Teknologikoan ibili ginen gure erakundeari forma ematen. Bertan geundela, orain dela urtebete inguru, ohartu ginen lantokietan zegoen problematikaz, eta gaiari buruzko informazioa biltzen hasi ginen.

Nola lortu duzue produktuaren azken bertsioa?

Euskal industria aldaketa batean murgilduta dago, teknologia berrietara eta merkatuaren eskaeretara egokitzen ari da. BALEAren estetikak bat egin behar du industria berri horrekin; horregatik, oinarrizko formetan oinarritutako diseinu minimalista bat aukeratu da, estetika soila eta dotorea transmititzeko gai izango dena, BALEA presente dagoen erakunde guztiekin batera.

Noren laguntza jaso duzue prozesuan zehar?

Produktuaren ildo estetikoak zehaztu ondoren, produktuaren identitate bisuala landu dugu Breaking Molds enpresa donostiarrarekin batera. Enpresa horrek Balea kontzeptua utzi digu (baleei eta horiek produktuaren funtzioarekin duten antzekotasunari erreferentzia eginez). Kontzeptuaren ukigarritasunean murgilduta, hainbat ordu eman ditugu produktuaren garapen teknikoan, bai eta Baleako 1:1 eskalako zenbait prototipo sortzen eta fabrikatzen ere, Kalman enpresa elgoibartarraren laguntzarekin. Azkenik, balea hainbat ingurune errealetan (Tekniker, Izarra Centre eta Adegi) egindako testeoa eta inplementazioa dugu. Horietan, balea proban jarri, eta bere balio-proposamena frogatu da.

Noiz abiatuko da? Zein tokitan?

Parke teknologikoetan dauden bulego eta lantokietan jarriko dugu printzipioz gure produktua, toki horiek baitira estrategikoenak, vendingespazioak dituzten lekuak, hain zuzen. Hasiera batean inguruko eta Eibarko enpresetan egingo ditugu probak, oraindik ere jendearen erabilera zein den aztertu beharra daukagu eta. Hala ere, laster Estatu mailan ahalik eta toki gehienetan ipintzea izango da gure helburua. Data zehatza ez daukagu finkatuta, baina lehenbailehen ekingo diogu instalazioak egiteari.

Zein harrera espero duzue erabiltzaileen partetik?

Ziur gaude denetik egongo dela, aldeko zein kontrako iritziak, denean gertatzen den bezala. Enpresa batek berrikuntza bat egiten duen bakoitzean, normala den bezala, iritzi kontrajarriak sortzen dira horren inguruan.

Zein onura ekarriko dizkio zuen proiektuak ingurumenari eta gizarteari?

Hondakin gutxiago sortuko dira eta horrek, ezinbestean, onura ekarriko dio ingurumenari. Horrez gain, pertsonon pentsatzeko eran “txip” aldaketa eragingo duela uste dugu, denok baitakigu zer den jasangarritasuna zaintzea, baina askotan zaila egiten zaigu. Modu honetan, jasangarria izateko bidea erraztu nahi izan dugu, eta ziur gaude horrek ohitura aldaketa ekarriko duela.

BALEA. Nolatan izen hori?

Hasiera batean EGO izena jarri genion gure lanari, Eibartik igarotzen den Ego ibaia dela eta. Baina pentsatu genuen horrek asko mugatuko zuela proiektua, eibartarra ez denak ez duelako zeresana ulertuko. Hori dela eta, aldatzea erabaki genuen eta, ura goranzka irteten denez gure makinatik, “balea” bezala irudikatu eta identifikatu genuen.

Urkotronik

Urkotronik enpresako Sara Abad zuzendari kudeatzaileak BALEA proiektuan Urkotronikek izandako zeregina eta rola azaldu digu. Izan ere, ezinbesteko bidelaguna izan da Eibarko Vending enpresa BALEA proposamena egi bihurtzeko. “Urte askotako esperientzia” eskaini dietela ziurtatzen du Sarak, eta, horrekin batera “Gipuzkoako Foru Aldundiak eskaintzen dituen dirulaguntzak lortzen ere” lagundu dietela. Gainera, azken urteetako datu esanguratsuak eman dizkiete Jone eta Aitorri. Hemendik aurrera Urkotroniketik at egongo den enpresa berria sortzea da helburua, zeinen bitartez BALEA produktua bezeroei eskaini eta salduko zaien.

IMG_8839

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »