Batxilergoko ikasleek eskualdeko enpresak bisitatu dituzte, lanpostu teknikoen errealitatea bertatik bertara ezagutzeko

Batxilergoko ikasleek eskualdeko enpresak bisitatu dituzte, lanpostu teknikoen errealitatea bertatik bertara ezagutzeko
ETA KITTO 2023, Eka 30

Errealitate industriala eta STEAM diziplinak eskualdeko ikasleei hurbiltzeko asmoz, Debegesak proiektu pilotu bat abiatu du. Elgoibar BHI institutuko Batxilergo Teknologikoko 1. mailako sei ikaslek hartu dute parte ekimenean eta IDEKO, Sariki, ABC, Danobat eta SORALUCE enpresak bisitatu dituzte. Horrela, ikasleek beraien etorkizun profesionala aukeratu aurretik, profil teknikoko lanpostuak bertatik bertara ezagutzeko aukera eman nahi izan diete.

Ekimen honen helburua estereotipoak apurtzea da, goiz batean egindako bisitan erakundearen jarduerak eta egiten diren lan teknikoak ikasleei erakutsita. Profil teknikoa duen emakume batek lagundu die bisita bakoitzean, sektorean emakumezko erreferenteak erakusteko. Bere lanpostua zertan datzan azaldu die, enpresako sailak ikustera lagundu die, errealitate industrialari buruzko ikuspegi orokorragoa izateko eta betetzen dituzten eginkizunen eta zereginen berri izateko, eta lanbide-profil hori garatzeko zer prestakuntza beharko luketen azaldu zaie ikasleei.

Elena Alonso Debegesako Enplegu eta Gizarte Berrikuntza Saileko arduradunaren berbetan, “helburua da neskek etorkizuneko aukera profesionala STEAMekin zerikusia duten lanpostuen ezagutzatik abiatuta egitea, eta, gainera, sektoreko emakume profesionalen eskutik, emakumezko erreferenteak izateko. STEAMen esparruan emakumeen eredu eta erreferenterik eza da industrian ia emakumerik ez egotearen arrazoietako bat”.

Debegesaren arabera, “emakumeen presentzia industrian, giza eskubideen kontua ez ezik, lehiakortasuna eta ekonomiaren indarberritzea bermatzeko funtsezkoa ere bada. Euskal industrian, emakumeek lanpostuen %20 baino ez dituzte betetzen, eta sektorea funtsezkoa da erkidego honetan, baina oso maskulinizatua dago. Debegesaren helburuetako bat da genero-estereotipoak desagerraraztea, gazteek karrera teknikoak ikastea eta sektore horietan emakumeak ikusaraztea”.

Esperientziarekin pozik daude eta, orain, emaitzen balorazioa egingo dute Debabarreneko  STEAM Foroan parte hartzen duten erakundeekin batera. Horren arabera, esperientzia eskualdeko beste ikastetxe batzuetara hedatzea ala ez erabakiko dute.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »