Bihar amaituko da “Zaindu Zaitez” kanpainako deskontu-bonuekin erosketak egiteko epea

0    Ekonomia 
ETA KITTO
Bihar amaituko da “Zaindu Zaitez” kanpainako deskontu-bonuekin erosketak egiteko epea
ETA KITTO 2021, Eka 29

Parte hartzen duten establezimenduek ostiralera arte daukate jasotako bonuak entregatzeko epea, EMGIren Isasiko bulegoan.

“Zaindu Zaitez” kanpaina bihar, ekainak 30, bukatuko da, osasun, irudi pertsonal eta ekipamendu pertsonaleko Eibarko establezimenduei zuzendutako deskontuekin erosketak egiteko edo erosketa-bonuekin zerbitzuak eskuratzeko epea ixtearekin batera.

Kanpaina honetan parte hartu duten 81 establezimenduetan 60 euroko balioa duten erosketa eta zerbitzuak eskuratzeko 40 euroko bonuak erosi zituztenek bihar arte (asteazkena) izango dituzte eskuragarri. Kanpaina maiatzaren hasieran hasi zen, 3.225 erosketa-bonu jarri ziren salgai eta guztiak agortu ziren saltzeko epea amaitu baino lehen.

Eibarko Udalak antolatu du kanpaina, Eibar Merkataritza Gune Irekiaren laguntzarekin, eta ekipamendu pertsonaleko 45 merkataritza-establezimenduk hartu dute parte (23 irudi pertsonalekoak eta 13 osasunekoak). Arrakasta handia izan du ekimenak, eta, horri esker, sektore horien salmentak handitu egin dira eta Eibarko bezeroei produktuak eta zerbitzuak eskaini zaizkie deskontuekin.

Bestalde, kanpainan parte hartu duten establezimenduetako arduradunek, bihartik (asteazkena) uztailaren 2ra (ostirala) bitartean, kanpainan zehar bezeroek beren establezimenduetan eman dizkieten bonuak entregatu behar dituzte kanpaina honetarako Isasi kaleko 26. zenbakian dauden bulegoetan, likidazioa egiteko; ordutegia 09:00etatik 14:00etara izango da.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »