Biharko azokarekin hasiko da Debabarreneko IX. Aste Ekologikoa

0    Ekonomia 
ETA KITTO ETA KITTO
Biharko azokarekin hasiko da Debabarreneko IX. Aste Ekologikoa
ETA KITTO 2020, Urr 02

Aurten ere azoka ekologikoa antolatu dute Eibarko Udalak, Biolur elkartearen eta Debemen Debabarreneko Landa Garapen Elkartearen artean, ENEEK Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren laguntzarekin. Zapatu goizean egingo da, Txaltxa Zelaiko parkean, goizeko 10:00etatik 14:00etara eta bertan EAEko ekoizleek hartuko dute parte, era guztietako produktuekin: barazkiak, fruta, ogia, gazta, eztia, olioa, marmeladak, landareak edota arropa ipiniko dituzte salgai, besteak beste. Antolatzaileen berbetan, “azokan salgai egongo diren produktu guztiek bi ezaugarri berezi dauzkate: alde batetik, modu ekologikoan zainduak izan direla eta, bestetik, era artisau batean eginak izan direla, hau da, natura, animalia eta pertsonen osasuna eta etorkizuna errespetatuz ekoiztuak izan direla”.

Azokaz gain, Eibarko ostalariekin elkarlanean, Gutizia Ekologikoen Ibilbidea prestatu dute. Ekimen honekin, “ostalaritzarekin zubiak eraiki eta baserritar ekologikoen produktuak ikustarazi nahi dira”. Parte hartuko duten tabernak Albert, Arkupe, Baisi, Baratze Gourmet, Birjiñape Berria, Chic, Kili Kili, Kontent, Koskor, Kultu, Laurel, O´Jays, Paulaner, Slow, Trinkete eta Txoko dira. Taberna horietan Elgoibarko Beraseta eta Txillarre, Mutrikuko Ekoalboraz-Basailun eta Itziarko Doniene Berri baserrietako barazkiekin, Txindurriturri baserriko sagarrekin, Elgoibarko Beraseta eta Itziarko Olabe baserriko arrautzekin eta Eibarko Sosola baserriko gazta eta ogiarekin egindako pintxo eta bestelakoak prestatuko dituzte eta, eguerditik aurrera, Biba ardoak kooperatibako ardo ekologikoarekin batera, produktu horiek 2 euroren truke dastatzeko aukera izango dute tabernetara bertaratzen diren guztiek. Ekintza hauek burutzeko beharrezko diren segurtasun neurri guztiak hartuko direla azpimarratu dute antolatzaileek.

 

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »