Bilbeando enpresa zigortu du Eibarko epaitegiak, bidegabeko kaleratzeagatik

0    Ekonomia 
ETA KITTO ETA KITTO
Bilbeando enpresa zigortu du Eibarko epaitegiak, bidegabeko kaleratzeagatik
ETA KITTO 2020, Uzt 17

LAB sindikatutik jakinarazi dutenez, Eibarko epaitegiak bidegabetzat jo du Bilbeando enpresak 2019ko urrian egindako kaleratzea eta kaleratutako beharginari dagokion kalteordaina ordaintzeko agindua eman du epaileak. Sindikatuak azaldu duenez, “2019ko urrian Bilbeando enpresak Beatriz Barrios langilea kaleratu zuen despido disziplinario baten bitartez. Gezurretan oinarritutako arrazoiez josi zuten kaleratze gutuna: bere lana ondo betetzen ez zuela erabili zuten argudio nagusi bezala. 17 urte beraientzat lanean egon eta gero!”.

Hasieratik, langilea kaleratzeko arrazoiak oso bestelakoak zirela salatu zuten sindikatutik: “Errealitatea oso bestelakoa izan zen. Beak behin eta berriz salatu zuen enpresako jabeen aurrean baldintza prekarizatuetan ari zirela lanean. Besteak beste, lan egutegirik ez zutela, oporren datak zehaztu gabe zituztela,  urteko osasun azterketa ez zutela egiten eta denda barruan higiene falta izugarria zegoela (produktuak ez zeuden egoera onean, fruta asko erdi ustela heltzen zen kaxetan, lokal barruan urik ez zutela…). Bere lankideei hau guztia hobetzeko antolatzea proposatu zien, eta banaka batzuei hauteskunde sindikalak egiteko beharraz egin zien berba. Baina enpresaren erantzuna berehalakoa izan zen: hurrengo egunean despido gutuna jaso zuen eta momentuan bertan kaleratu zuten”.

Harrezkero hamaika kontzentrazio egin dituzte Urkizuko denda aurrean, lan eskubideak errespetatzea salatzeko eta langilea berriz onartzea eskatzeko eta epaitegiaren erantzunarekin pozik daude: “LAB sindikatuak argi eta garbi erakutsi du borrroka eta ekintza sindikalaren bidez emaitzak lortzen direla. Langileen eskubideak defendatzen jarraituko dugu, lan baldintza duinak izan arte”.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »